Lizuniagako Igoera datorren larunbatean lehiatuko da

2023.10.17 | EHKM, Errekorrak, Mendi lasterketak

Gizonezkoen kategorian errekorra Chakib Lagcharrek ezarri zuen 2019an 15.55ko denbora eginda. Emakumeen kasuan aldiz, 2021ean ezarri zuen Majida Maayoufek 18.30eko denborarekin.

Argazkia: Gure Txokoa Elkartea

 

Lurraren Egunaren bezperan, urriaren 21ean egingo dute Lizuniagako Igoeraren XLII. edizioa. Lasterketa 17:00etan hasiko da Iamotenean, eta 4,9 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute partehartzaileek Eztegaratik Lizuniagako gainera arte, %6,6ko banaz besteko maldarekin.

Lizuniaga Nafarroako Bera udalerriko lursailetan kokatua dagoen mendatea da, Lapurdiko mugatik 500-600 metrora. Alde batetik Nafarroako Bera udalerria eta bestetik Lapurdiko Sara udalerria lotzen ditu. 236 metroko garaiera du. Berez, Nafarroa eta Lapurdiren arteko muga ez dago gain honetan, Beratik Sarako norantzan gain honetara igo eta jeitsierako bihurgunea igaro ondoren basogune batean seinalez adierazita dago, Lizuniagako mendatetik 500-600 metro ingurura.

Helduen lasterketaren aurretik, 15:30ean haurrentzako krosa lehiatuko da. Gainera, ohiko sariez gain, denbora hobetzen dutenentzako 150 euroko saria izango da. Gizonezkoen kategorian errekorra Chakib Lagcharrek ezarri zuen 2019an 15.55ko denbora eginda. Emakumeen kasuan aldiz, 2021ean ezarri zuen Majida Maayoufek 18.30eko denborarekin.

Gizonekoen probako errekorra Peio Garinen esku egon zen 25 urtez, 1982. urtean ezarritako 16.13ko denborarekin. Inor ez zen gai izan hura gainditzeko, harik eta 2008an Huarten bizi zen Abdelfettah Louajari marokoarrak 16.01ean utzi zuen arte. Geroago, esan bezala, Lagcharrek 15.55ko marka ezarri zuen 2019an, orainarte irauten duena.

Emakumezkoetan Maika Ariztegi ittundarraren eskutan egon zen errekorra, 1995ean egindako 20 minutu eta 18 segundoko denborarekin, Mari Martirena baino segundo bat gutxiago (1988 urtean). 2021ean ezarri zuen Majida Maayoufek indarrean dagoen marka, 18.30eko denborarekin

Iazko edizioan, guztira 58 korrikalari aritu ziren (11 emakume) nor baino nor gehiago. Gizonezkoetan, Valentin Lamolère nagusitu zen 17:19ko denborarekin, Aritz Garin (17:39) eta Joseba Elizagoienen (17:50) aurretik helmugaratuta. Emakumezkoetan berriz, Cristina Arbues izan zen irabazlea (23:50), Nahia Iturria (26:08) eta Jone Olaetxearen (26:35) aurretik.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!