Markel Fernandez, 400 metrotako errekordun berriarekin solasean

2022.12.18 | Atletismoa, EHKM, Elkarrizketak, Errrekor berria

Juan Jose Pradok 1985. urtean Fuenlabradan ezarritako errekor absolutoa (46.55) ondu zuen sopeloztarrak pasa den uztailean

Argazkia: bizkaiatletismo.eu

 

Markel Fernandez (Sopela, 2003) 400 metrotan Euskal Herriko errekorra du absolutuetan, 46.21eko markarekin, Torrenten (Valentzian) lortua, uztailaren 17an.

Egun on Markel. Kontaiguzu nola hasi zinen kirol honetan, mesedez.

Txikitan denetik egin izan dut. Esku pilota, igeriketa, futbola, euskal dantza… denetik, baina behin herrian, Sopelan, lasterketa bat zegoen eta parte hartu eta saritxo bat irabazi nuen. Ondoren Berangoko klubean apuntatu nintzen atletismon eta gero, Durangoko Atletismo taldera pasa nintzen. Hasieran fondista nintzen. 1000 zein 1500 metrotarako prestatzen nintzen, baina iaz 800 metrotako probetarako entrenatzen hasi nintzen.

Baina 400 metrotan lortu duzu Euskal Herriko absolutuen marka ezartzea, 19 urte besterik ez dituzula.

Bai, 800 metrotarako prestazen ari nintzen, baina hemen maila handiko aurkari gehiegi ez zegoenez, Espainiako txapelketetan aritzen nintzen. Eta 400 metrotako errekorra ezarri nuen uztailaren 17an Torrent-en 46.21eko denbora eginez. Marka hori Euskal Herriko errekor absolutua izateaz gain, estatu espainoleko hoberena da 20 urtez azpiko mailan eta 6. hoberena absolutuetan.

300 metrotan ere errekorra dut, baina kategoria horretan ez da errekor hitza erabiltzen, “historiako markarik onena” deitzen zaio. Halaber, aurten Europako rankinean bigarren gelditu naiz 20 urtez azpiko kategorian.

Nola finkatzen da rankina?

Guk egindako markak hartzen dira aintzat eta horrekin sailkapen bat egiten da.

Nolakoak dira entrenamenduak  maila honetan?

Astean 5 egunetan 2 orduko entrenamenduak egiten ditut, Nadia Caselo (eta batzutan bere aita Enrike) entrenatzailearen gidaritzapean.

Astelehenetan  gimnasioan aritzen gara batez ere, abiadura handitzeko helburuarekin indarrak handitzen. Asteartean gehienetan 500 metrotako serieak egiten ditut, eta asteazkenean korrika librean 40 bat minutu. Ostegunetan gehienetan ere  serieak egiten ditut, ostiraletan atseden hartu, eta larunbatean asteburuan lasterketarik ez badago entrenamendua, eta lasterketa badago ezer ere ez.

Bestalde nutrizionista baten aukera badaukat, baina nahiko libre arizen naiz. Garbi jaten dut, eta zaintzen naiz baina gustuko gauzak jaten ditut.

Atsedena ere inportantea da eta nire bizitza soziala mugatua dago, baina gustura egiten  dut, azken batean, neuk hautatutako bidea da eta. Gainera, lagun asko, normala denez, atletismo mundukoak dira (Sopelako nire lagunak futbolari lotuagoak dauden arren) eta  erraz eramaten ditut muga hoiek.

Zuen kirola, gaur gaurkoz ez da kirol profesionala.

Ez, nik laguntza batzuk baditut. Basque Teamek laguntzen nau, Emen4sport enpresak ere bai eta Sopelako Udalak ere laguntzatxo bat ematen dit, baina ikasketak ere egiten ari naiz. Bilboko San Frantziskon, Formakuntza Profesionaleko marketing eta publizitatea ikasten ari naiz.

Zer asmo edo proiektu dituzu eskuartean?

Urtarrilaren 22an, “Union Mediterranea” txapelketa daukat. Txapelketa honetan Mediterraneoa ikutzen duten  nazioetako kirolariek hartzen dute parte. Udan, Finlandian, Europako Txapelketa dut, eta 2024an Olinpiadak izango dira, non gutxienez nahiko gertu daukat 4 x 400 erreleborako hautatua joateko aukera.

Ze momento berezi bizi izan duzu zure ibilbidean?

Espainiako txapelketan urrea egiteak izugarrizko poza eman zidan, eta bestalde zortea ere izan dut, ez baitut lesio inportanterik izan. Iaz fibren apurketa txiki bat izan nuen, eta 2-3 aste geldirik egon behar izan nuen denboraldi erdian. Baina atzera begira esango nuke, ondo eta dena etorri zitzaidala, indatsuago lehiatu bainuen ondoren.

Eskerrik asko Markel.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!