Pasa den larunbatean, hilak 17 lehiatu zen 25. Intxortako Igoera, non guztira 23 lagunek parte hartu zuten: hamaika aritu ziren Intxortako igoeran, eta Salbador ermitarainoko umeen lasterketan hamabi izan ziren. Azkenean, Martin Egizabal (17.18) eta Saioa Ugidos (24.45) izan ziren azkarrenak helduen lasterketan.
Herri mailako lasterketa kuttuna da elgetar askorentzako eta aurten ere eman du ikuskizuna. Herritarren denborak soilik hartzen dira kontuan eta gizonezkoetan egizabaldarrak izan dira aurten ere jaun eta jabe sailkapenean. Martin Egizabal (17.18) izan da garailea, eta ondoan izan zituen podiumean Pablo Egizabal anaia (17.46) eta Iñaki Egizabal aita (18.39). Esan behar da tarteko denbora egin zuela Julen Badiola bergararrak (17.54). Gauzak horrela, Eleder Lozanok 2015ean egindako markak jarraitzen du indarrean: 16.14.
Emakumezkoetan Saioa Ugidos (24.45) izan zen azkarrena helmugaratzen, eta Argider Txurrukak (25.10) bigarren egin zuen. Txurrukak du, oraindik ere, markarik onena, 2019an ezarri zuena, 23.47ko denborarekin.
12 urtetik gorakoen artean nabarmentzekoa izan zen Unax Agirrek egindako denbora: 18.08. Eguneko laugarren denborarik onena egin zuen helmugan. Intxortako puntara ere laugarren heldu zen. Ona, baita ere, kategoria berean Maddi Barrutiak egindako denbora: 25.15.
Denborak Intxortan Plazan
Martin Egizabal (+16 urte) 12:02 17:18
Pablo Egizabal (+16 urte) 12:28 17:46
Julen Badiola (Bergara) 12:09 17:54
Unax Agirre (+12 urte) 12:31 18:08
Iñaki Egizabal (+16 urte) 12:46 18:39
Ibai Zabaleta (+16 urte) 12:51 18:59
Haritz Barrutia (+16 urte) 13:19 20:01
Iker Badiola (Bergara) 15:48 23:32
Saioa Ugidos (+16 urte) 17:03 24:45
Argider Txurruka (+16 urte) 17:35 25:10
Maddi Barrutia (+12 urte) 17:35 25:15
0 Comments