Mikel Lopetegi ‘Urra’-k garaipena eta errekorra

2023.08.22 | EHKM, Errekorrak, Errrekor berria, Harri-jasotzea, Herri kirolak

Zarauztarrak 54 altxaldi eman zizkion harri baldarrari, hamar minutuko saioan, berea zen orain arteko markarik onena altxaldi batean hobetuz

Argazkia: Egusport (Artxibo irudia)

 

Duela bederatzi urte hasi ziren gizonezkoen harrijasotze txapelketa antolatzen Ergobin, abuztuko auzoko jaien harira eta emakumezkoetan aurten izan da bigarren urtea.

Jai Batzordeko kide bati bururatu zitzaion harri baldar batekin txapelketa antolatzea. Harriak bilatu behar izan ziren, Urumea ibaiaren ondoan. Gizonezkoentzako 100 kilo inguruko harria bilatu nahi zuten; pisu horrekin eta jasotzeko gutxiengo forma batekin. Zaila izan zen aurkitzea, baina azkenean lortu zuten Ergobiko Harri Beltza ateratzea.

Igande arratsalde honetan aurtengo Ergobiko Harri Beltza txapelketa jokatu zen, bertan Mikel Lopetegi ‘Urra’, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a eta Xabat Olaizola aritu zirelarik.

Garaipena, beste behin, Urrak eskuratu zuen eta hamar minutuko saioan 54 altxaldi eman zizkion harri baldarrari. Zarauzko harrijasotzailearen markarik onena, atzora arte, 53koa zen eta altxaldi bat igo zuen langa. Orain errekor berria 54an dago.

Hala ere, gainontzeko lehiakideak ere bikain aritu ziren. Xabat Olaizola zarauztarra ez zen kikildu eta lan ikusgarria egin zuen,  49 altxaldi eman zizkiolarik Harri Beltzari, 50eko markatik bakarrera geratuz. 20 segunduren faltan lortuak zituen 49, baina azken altxaldi hori okertu egin zitzaion. Gertu izan zuen, baina ezin izan zuen bizkar gainean berdindu.

Hirugarren Izeta IV.a sailkatu zen. Saioko hirugarren zarauztarrak 35 altxaldi eman zizkion harriari. Esfortzu haundia egin zuen eta txapelketaren maila altua argi geratu zen, Izeta IV.a bezalako harrijasotzailea hirugarrena izan eta gero lehendabiziko postutik 19 altxaldira eta bigarren postutik 14 altxaldira.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!