Mila partaide izango ditu Hiru Haundiak mendi lasterketak

2023.10.9 | EHKM, Errekorrak, Markak, Mendi lasterketak

2012. urtean, Iker Carrerak ezarri zuen gaur egun arteko errekorra, 10 ordu eta 23 minutuko denborarekin. 2021ean, Maite Maiorak emakumezkoen errekorra lortu zuen, 12 ordu eta 9 minuturekin

Argazkia: hiruhaundiak.com

 

Hiru Haundiak mendiko iraupen-lasterketa erreferentea da Euskal Herrian, euskal mendietako gailur nabarmenenak elkartzen dituena ibilbide berdin batean: Gorbea (Araba) 1481m, Anboto (Bizkaia) 1331m eta Aizkorri (Gipuzkoa) 1523m.

Larunbatean, hilaren 14an, 1.000 partaide inguru izango ditu Manuel Iradier Txangolari Elkarteak Vital Fundazioaren babesarekin antolatutako probaren XXIII. edizioak —3.000 lagun baino gehiagok parte hartu zuten dortsalen zozketan—, Estatu osoko ultra-trail proben artean aitzindaria. Gainera, 500 boluntario inguru arituko dira antolaketan eta laguntza zerbitzuetan.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako parke natural mugakideetatik igaro eta bertako hiru tontor altuenetara igoko dira lasterkariak: Gorbeia, Anboto eta Aizkorri. Proba enblematikoa 00:00etan abiatuko da Murgiatik, eta parte-hartzaileek gehienez 24 orduko epea izango dute 101 kilometroko luzera eta pilatutako 10.125 metroko desnibela duen ibilbidea osatzeko: Gorbeiako (1.482 metro) igoerari ekin ostean, Ubide (01:52), Otxandio (02:20), Urkiola (03:05), Anbotoko igoera (03:45 – 1.331 metro), Landa (05:50), Usabakotzena (07:55), Aizkorriko igoera (09:51 – 1.551 metro) eta Araiako helmugatik (10:46) igaroko dira.

Ibilbidean zehar, Aizkorri-Aratz, Urkiola eta Gorbeiako Parke Naturalak zeharkatuko dituzte. Hori guztia “ingurumenarekiko errespetu zorrotzarekin eta xehetasun txikiena zainduz, ingurumenean ahalik eta inpaktu txikiena izan dadin”, antolatzaileen hitzetan.

1987an lehen aldiz antolatu zen Hiru Haundiak proba, Manuel Iradier Txangolari Elkartearen ekimenez. 1996ra arte urtero antolatu zen, eta 1998tik aurrera, berriz, bi urtean behin antolatzen da. Pandemiaren ondorioz, bertan behera geratu zen 2020an, eta 2021eko urriaren 9an egin zen azken edizioa.

2012. urtean, Iker Carrerak ezarri zuen gaur egun arteko errekorra, 10 ordu eta 23 minutuko denborarekin. 2021ean, Maite Maiorak emakumezkoen errekorra lortu zuen, 12 ordu eta 9 minuturekin. Lasterkari gehienak Euskal Herrikoak izango dira, baina %11 Espainiako Estatutik zein beste herrialdeetatik iritsiko dira. Generoari dagokionez, emakumezko korrikalarien kopuruak %15a ingururaino egin du gora azken urteetan.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!