Argazkia: swimcampgetxo
Pasa den apirilaren 1ean Galdakaoko Master Trofeoan bizitakoa zaila izango da ahaztea Swim Camp Getxo klubarentzat, izan ere, egunari hasiera eman zion 4×100 libre mistoan Munduko errekorra erdietsi zuten, baina balentriarekin pozik ez, eta ondoren Europako errekorra egin zuten ere, oraingoan 4×100 estiloan, kategoria berean.
Esan bezala ba, Ane Ibarrondo, Maria Casillas, Iñaki Bildosola eta Mikel Bildosola getxoztarrek marka berriak ezarri zituzten Galdakaoko igerilekuan lehiaturiko Master Trofeoan, Galdakaoko igeriketa klubak antolatuta, non master kategoriako igerilari bizkaitar onenak bildu ziren.
Jardunaldia munduko errekorrarekin hasi zen, 120 – 159 bitarteko 4×100 libre mistoan, Swim Camp Getxoren eskutik, Mikel Bildosola, Iñaki Bildosola, Ane Ibarrondo eta María Casillasek osatutako erreleboarekin. Laukoteak 3´37”27ko denborarekin 5 segundo baino gehiago kendu zizkion aurreko errekorrari (3´42”56).
Ordu eta erdi geroago, lehiaketa amaitzeko, getxoztarrek beste altxor preziatu bat eskuratu zuten. Izan ere, igerilari berberek (baina oraingoan hurrengo formazioan, Maria Casillasek bizkarrean, Iñaki Bildosolak brazan, Mikel Bildosolak tximeletan eta Ane Ibarrondok krolean), 120 – 159 bitarteko kategorian, 4×100 metro estilo mistoko Europako errekorra segundo erdian hobetu zuten 4´06”45eko denboran utziaz.
0 Comments