Nahia Garrido, Europa mailako puntako igerilaria, junior kategorian

2022.12.15 | EHKM, Elkarrizketak, Errrekor berria, Igeriketa

15 urterekin, 100 metroko Euskal Herriko absoluto mailako errekor berria ezarri zuen bizkar modalitatean, pasa den abenduaren 7an

Argazkia: Euskadiko Igeriketa Federazioa

 

15 urte besterik ez dituela, Nadia Garridok (Urretxu, 2007) aurrez berak zuen 100 metroko Euskal Herriko absoluto mailako errekorra hautsi zuen bizkar modalitatean, igaro berria  den abenduaren 7an.

Egun on Nahia! Nolakoak izan dira zure hastapenak igeriketan?

Hasieran, txikitan, atletismoan hasi nintzen. Baina 9 urtererekin edo, amak igeriketa probatzera animatu ninduen. Eta horrela hasi nintzen, hasieran Zumarragan, gero Legazpin, eta pandemia ondoren Tolosan. Izan ere, Legazpin ez nuen nahi beste  ordu entrenatzeko aukerarik eta Tolosara aldatu nintzen.

Orain egun gutxi, Euskal Herriko absolutuetako errekorra hautsi duzu. Eta Europa junior kategorian Top-ean sartu zara.

Bai, Rotterdamen izan den proba batean, neure marka zena gainditu nuen 100 metro bizkarrean. Igerileku motzean 59.46ko marka egin nuen eta igerleku luzean 1.02.03koa. 200 metrotan errekorra dut ere eta crawl estiloan eta tximeletan ere oso ondo ibiltzen naiz, baina bizkar aritzea da nire espezialitatea.

Ze ezberdintasun dago igerileku motza eta luzearen artean?

Igerileku motzak 25 metro ditu eta luzeak 50. Ondorioz, metro kopuru berdina egiteko, motzean  pareta gehiago dago, eta urazpitik gehiago egiten da handian baino. Horregatik marka hobeak egiten ditugu igeriketa motzean.

15 urte besterik ez dituzu eta ia kirol lorpen garrantzitsuak dituzu. Zeintzuk nabarmenduko zenituzke eta zeintzuk dira zure erronkak?

Iaz oraindik infantila nintzen eta Espainiako txapelketan bi zilar eta bi urre lortu nituen. Fojen (Europako gaztediaren jaialdi olinpikoan) bi urrezko  (200 eta 100 metro bizkar) eta zilarrezko bat (4100 estiloan) lortu nuen eta saritua izan nintzen lehiaketan errendimendu eta  lorpen gehien lortutako kirolari gisa. Nazioartean ere maila onean aritu naiz. Abenduko hirugarren  astebukaeran Espainiako txapelketak ditugu Sabadellen eta ikusiko dugu…

Nik momentuz ez diot erronka berezirik jartzen neure buruari, inportanteena ondo pasatzea eta entrenatzen jarraitzea da, gero gerokoak.

Entrenamenduaz ari zarela, Tolosako Joseba Zubeldiak entrenatzen zaitu. Nolakoak dira zure entenamenduak?

Nik taldean entrenatzen dut, beste taldekideekin batera, astean 6 egunetan bi ordu. Eta astean bi aldiz goiz eta arratsaldez. Ariketa asko uretan dira, baina lehorrean ere aritzen gara, indarra egiteko ariketekin. Horrez gain nutrizionista batekin ere banabil elikadura zaintzen.

Eta nolakoa da zure bizitza pribatua?

Urretxuko institutoan ikasten dut. DBHko 4. mailan nago. Egia esan, entrenamenduekin eta ikasketekin ez daukat denbora gehiegi lagun arterako.

Destakatzen ari zara kirolean, ze laguntza dituzu?

Ikastetxekoen laguntza badut. Azterketak direnean adibidez babesa ematen didate eta malguak dira nirekin. Bestalde klubak eta entrenatzaileak laguntzen didate eta batez ere familia daukat beti ondoan, babesa ematen.

Eta momento txarrak ere izango zenituen?

Bai, beti daude momento larriagoak. Batez ere denboraldia luzeegia egiten denean, edo probak eta azterketak batera tokatzen direnean, baina tira, momentuz lesioak errespetatu naute. Ez dut ezer larririk izan, iaz garrantzirik gabeko sorbaldako arazo txiki bat aparte.

Eskerrik asko Nahia, segi horrela, egunerokoaz disfutatzen eta entrenatzen, errekorrak etor behar badira etorriko dira eta.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!