Argazkia: Buruntzaldea IKT
Bitan igo da Nahia Zudaire Munduko Txapelketako podiora, lehena 400 libreko zilarra janzteko eta bigarrena 100 bular probako brontzea kolkoratzeko. Horretaz gain Euskal Herriko hiru errekor berri ezarri ditu, bidenabar Estatu mailako marka onenak direnak.
Pasa den uztailaren 31tik abuztuaren 6ra bitartean Nahia Zudaire Manchester-en izan zen, igeriketa egokituko Munduko Txapelketan lehian. Bertan parte-hartze nabarmena izan zuen, banakako probetan zilar bat eta brontze bat lortuz eta erreleboetan ere parte hartuz.
Aurreneko egunean, uztailaren 31n, 400 librean aritu zen Nahia eta proba horretan etorri zen bere Munduko Txapelketako lehen domina. Kanporaketa serieetan 5:10,90 egin ostean, finalean 5:05,91 egin zuen eta marka horrekin zilarrezko domina jantzi zuen.
Abuztuaren 2an, 100 bular probako finala jokatu zuen zuzenean eta bertan ere emaitza ederra lortu zuen, Kronoa 1:38,14an geratuz brontzezko domina eskuratu zuen Nahiak, aldi berean berak aurretik zuen Euskal Herriko SB7 klaseko errekorra hautsiz eta marka pertsonala egitea lortuz. Pasean ere, errekor berria eta marka pertsonal berria ezarri zituen, 50 metrokoa 45,63an eginez. Bi errekor hauek, Estatu mailako markarik onenak ere badira.
Abuztuaren 3an 100 libreko finalean aritu zen. Pase azkar batekin (33,35) Nahiak 1:09,05ean geratu zuen kronoa bosgarren postuan sailkatuz.
Abuztuaren 5ean berriz, bere azken banakako proba izan zuen, lau estiloetako 200 metrokoa. Proba honetako kanporaketa serieetan 3:00,73 eginez finalerako sailkatu zen Nahia non 2:57,21ekin seigarren izan zen. Finalean egindako markarekin Nahiak marka pertsonala egitea lortu zuen eta horrekin batera SM8 klaseko errekorra ezarri zuen, aurrez berak zeukana hobetuz.
0 Comments