Argazkia: BAT Basque Team
Italiako Lignano Sabbiadoro hirian igeriketa egokituko Munduko Serieetako bigarren proba jokatu zen iragan asteburuan, eta bertan Zubietako Nahia Zudaire igerilariak errekor berri bat hautsi zuen. Zehazki, S8 kategoriako tximeleta estiloko 50 metrokoan lortu zuen marka hobetzea (35:36).
Martxoaren 9tik 12ra bitartean Nahia Zudaire igerilaria Italian izan zen, Lignano-n, zehazki Citi Para Swimming World Series-eko Lignano Sabbiadoro-an lehian. Nahia ostegunetik igandera bitarte lehiatu zen goizetan kanporaketa serieak eta arratsaldez finalak izan zituen txapelketa honetan.
Probei dagokionez, Nahia 100, 200 eta 400 librean, 50 tximeletan eta lau estiloetako 200 metrokoan lehiatu zen. Lehen eguneko 100 librean arratsaldeko finalerako sailkatu zen kanporaketa serieetan 1:08,91ko denbora eginda. Finalean 1:10,82 eginda zortzigarren izan zen Nahia. Bigarren egunean 2:28,67 egin zuen 200 librean eta bosgarren izan zen finalik izan ez zuen proba honetan.
Larunbatean lehiatu zen tximeleta erako 50 metroko proban 35,36ko denbora ezarri zuen Nahiak eta hemen marka pertsonal berria eta taldeko errekor berria ezartzearekin batera, Euskal Herriko S8 klaseko errekor berria ere ezarri zuen. Proba honetan zazpigarren izan zen Nahia sailkapen bateratuan.
Larunbatean bertan lau estiloetako 200 metrokoan ere lehiatu zen Nahia 3:02,48ko denbora eginez. Proba honetan B finalerako sailkatu zen eta bertan 2:59,66an utzi zuen bere erregistroa, bere marka pertsonaletik oso gertu.
Txapelketa honetan lehiatu den proba guztietan bere marketara hurbildu da Nahia eta beraz pozik agertu zen lehiaketa amaitu berritan. Nazioartean igeri egiteak eta aurkari ezberdinak izateak oso lehiakor izatera eraman du eta markak ondo joan dira, Munduko Txapelketari begira sasoian dagoela erakutsi duelarik.
0 Comments