Nahia Zudairerentzat errekor berri bat

2023.07.10 | EHKM, Emakumeak, Errekorrak, Errrekor berria, Igeriketa

400 metro libreetan bere marka ondu eta S8 mailako Euskal Herriko errekorra egin zuen, Estatu mailako markarik onena ere erdietsiz

Argazkia: Buruntzaldea IKT.

 

Nahia Zudairek, bi urrezko domina (400 m. libre eta 100 m. bular) eta brontzezko bat (200 m. lau estilo) eskuratu zituen kluben artean Cadizen lehiatu berri den Igeriketa Egokitutako Estatu mailako Txapelketan.

400 metro libreetan gainera bere marka ondu eta S8 mailako Euskal Herriko errekorra egin zuen, Estatu mailako markarik onena ere erdietsiz bidenabar. 200 metroko proban ere bere marka pertsonala egin zuen.

Martxoaren erdialdera, zubietarrak tximeleta erako 50 metroko proban, S8 kategorian, errekorra ezarri zuen dagoeneko, 35.36ko denborarekin, Lignano Sabbiadorok (Italia) hartu zuen Munduko Serieetako bigarren proban. Orain, Zudairek Manchesterren, Britainia Handian, uztailaren 31tik abuztuaren 6ra jokatuko den Munduko txapelketa du buruan.

Nahia Zudaire Borrezok (2004), Euskal Herriko errekorrak ditu paralinpikotan, 50, 100, 400 eta 800 metrotan, librean, 50 eta 100 tximeletan eta 200 estilotan. Baina 400 metroak dira bere espezialitatea.

15 hilabete zituela aortan arazo bat zuela eta, operazio bat egin zioten, eta horretan izandako konplikazio baten ondorioz medulako iskemia deitzen zaiona izan zuen.

Pairaturiko gaitzak, hanketako giharretan eragiten du. Gurasoek, ahalik eta eragin txikiena izan zezan, igeriketara apuntatu zuten, txikitatik. Eta 2012an, Lasarteko Buruntzaldea Taldean sartu zen. Hasieran elbarritasunik ez zutenekin batera lehiatzen zen. Baina 2015ean desgaitasuna zutenekin lehiatzea probatu zuen Zarautzen, eta horretan jarraitzen du, zehazki S8, SP7, SM8 kategorietan.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!