Naroa Agirre, pertika-jauziaren gailurrean

2022.04.28 | Atletismoa, EHKM, Emakumeak, Errekorrak

2007ko otsailaren 27an nazioarteko onenen artean kokatu zuen marka egin zuen Sevillan, bidenabar Euskal herriko pertika jauziko errekorra ezarriz, orainarte beste inork eskuratu ez duen erregistroarekin: lau metro eta 56 zentimetro

Argazkia: basqueteam.eus

 

Naroa Agirre Kamio (Donostia, 1979ko maiatzaren 15a) pertika-jauzilari ezaguna da Euskal Herrian eta gure lurraldetik at, euskal kirolaren munduari ekarpen garrantzitsuak egindako kirolaria, inondik inora.

Luzera jauzia praktikatzen hasi zen, baina ondoren modalitatez aldatu eta pertikarekin aritzeari ekin zion, modu serioagoan 2002. urtetik aurrera, ikasketak amaitzerakoan. 1997an Estatuko junior txapelduna izan zen; 2003 eta 2006. urteetan berriz, aire librean ospatutako pertika jauziko txapeldun absolutua Estatu mailako txapelketan.

Errekorrak ere hautsi ditu Naroak. Eta ez behin bakarrik. Pertikarekin errekorra apurtu egin zuen 2006. urtean, bai aire librean zein estalian egindako txapelketetan, bietan 4,40 metroak gaindituta.

Bere balentriarik esanguratsuena hurrengo urtean etorri zen ordea, izan ere, 2007ko otsailaren 27an nazioarteko onenen artean kokatu zuen marka egin zuen Sevillan, bidenabar Euskal herriko pertika jauziko errekorra ezarriz, orainarte beste inork eskuratu ez duen erregistroarekin: lau metro eta 56 zentimetro.

Kirol osoa da perika-jauzia, oso teknikoa gainera: abiadura behar da, indarra, abilezia ere bai; altua izatea onuragarria izaten da, Naroaren kasuan bezala. Gorenekoen artera iritsi zen bera, gorenekoen artera pertikarekin, eta Olinpiar Jokoetan eta munduko lehiaketetan. Bi alditan izan zen Olinpiar Jokoetan: 2004an, Atenasen —seigarren postua eta diploma olinpikoa lortu zituen—, eta 2008an, Pekinen —hamahirugarren egin zuen—.Eta munduko probetan ere arrastoa utzi zuen: 2005ean, bederatzigarren egin zuen Helsinkiko aire zabaleko munduko txapelketan; eta 2006an, seigarren sailkatu zen Moskuko pista estaliko munduko txapelketan. 2018an utzi zuen pertika jauzia, eta gaur egun irakaslea da.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!