Nerea Ibinaga, mailu jaurtiketako markarik onenaren jabea den zizurtarrarekin solasaldia

2022.12.16 | EHKM, Elkarrizketak, Emakumeak, Errekorrak, Errrekor berria

Pasa den ekainaren 4an, kirolari nafarrak balentria berria burutu eta Euskal Herriko errekorra 60.92 metrotan ezarri zuen

Argazkia: pamplonaatletico.com

 

Nerea Ibinaga Garitaonaindiak (Zizur Nagusia, 1999) mailu jaurtiketan Euskal Herriko errekorra lortu zuen Iruñean, aurtengo ekainaren 4ean, 60,92 metrotako jaurtiketarekin, eta 2022a amaitzear dagoela berarekin egoteko parada izan dugu guzti honetaz hitzegiteko.

Egun on Nerea! Nola hasi zinen modalitate hau lantzen?

Umetan, herriko atletismo klubean, Ardoin, sartu nintzen. Garai hartan, ez zegoen pistarik Zizurren (orain badago), eta igerilekuan bueltaka korrika aritzen ginen. Niri ez zitzaidan gustatzen korrika egitea eta pisua egiten hasi nintzen. Garaiko entrenatzaileak, PT-ekoekin harremana zuen, eta ia 9 urte izango dira, astean bi egunez Pamplona Atleticorekin entrenatzeko aukera zabaldu zidala. Oso gustura egon nintzen han, eta taldekideekin ere oso ondo moldatu nintzenez han geratzea erabaki nuen eta mailu jaurtiketa egiten hasi nintzen.

Eta 60,92 metrorekin  lortu duzun Nafarroako errekorra Euskal Herrikoa era bada. Nola izan da?

Txapelketa arrunta zen, baina oso ondo aritu nintzen txapelketa osoan, eta marka hori atera zitzaidan. Niretzako izugarrizko pozaz gain, ustekabea  ere izan zen. Nire aurreko urteko marka 57 metrotan zegoen eta 60 metroren langa gainditzea ustekabea  eta poz  handia izan zen.

Baina oraindik ere hobetzeko aukerak ikusten dizkiot nire buruari. Modalitate honetan ez dago adin jakinik erretiratzeko, gorputzak, buruak eta bestelako  betebeharrak agintzen dute, baina normalean 32-35 urte arte aritzen da jendea. 23 urte ditut eta oraindik soka luzea geratzen zait hobetzen joateko.

Zeintzuk dira zure kirol marka edo lorpen nagusiak?

20 urtez azpiko Espainiako txapelketan hirugarren geratua nintzen bitan, eta oso kuttuna dut ere 2019an Madriden izan zen nazioarteko txapelketa bat,  zeinean Nafarroako errekorra lortu nuen.

Kirol honek dedikazioa handia eskatuko du, ezta?

Astean 6 egunez entrenatzen dugu, bakoitzean 2 ordu terdi edota 3 ordu aritzen garelarik egunaren arabera, Idoia Mariezkurrena entrenatzailearekin. Normalean astelehen eta ostegunetako entrenamenduak berdinak izaten dira, eta baita astearte eta ostiraletakoa eta asteazken eta larunbatekoa. Jaurtiketak egiten ditugu teknika lantzeko, indarra handitzeko ariketak ere, eta tarteka korrika ere bai, baina motzean 60 edo 100 metro.

Horrez gain, nutrizionista batekin ere banabil, eta nire bizitza pribatuan eragina du. Onerako edo txarrerako ez dut alkoholik edaten eta parrandak ere oso mugatuak ditut.

Eta ze laguntza duzue?

Hemen Miguel Indurain fundazioak laguntzen gaitu ekonomikoki, Atletismo Federazioak ere laguntzen gaitu, batez ere, fisio eta kirol psikologoekin. Klubak ere laguntzen gaitu, baina hau ez da kirol profesionala . Haur hezkuntzako ikasketak egin nituen eta mundo horretan ere banabil… eta beti dago hor familiaren babesa. Leku guztietara lagundu naute. Esango nuke, niri esker ezagutu dituztela Espainiako bazter guztiak…

Eta ze laguntza eskatuko zenuke?

Laguntza ekonomikoa handitzea oso inportantea litzateke, baina badaude ere bestelako laguntzak oso ondo datozkigunak: fisioak, psikologoak, nutrizionistak…

Azpiegitura  aldetik badugu Larrabide, baina euria edo hotz haundia egiten duenean ezin da kanpoan aritu, ezin dira jaurtiketak egin, ezin dira ohiko entrenamenduak egin…ondo egongo litzateke estalian egian ahal izatea, Leongo zentroan dagoen moduan.

Zein oztopo topatu dituzu bidean?

Egia esan, emakume izanagatik dauden estereotipoak izan dira oztopo nagusia. Nire inguru hurbilean, gurasoek, lagunek, taldeko kideek eta abar oso normalizatua duten arren, emakume izana zama izan da. Gogoan dut, aiton-amonek esaten zidatela “gizonezkoen gorputza geratuko zaizu” eta sarri entzuten nuela ere “ inoiz ez duzu gizonekoen haina indar izango”.

Eskerrik asko Nerea, segi gogor soka luzea duzu oraindik eta.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!