Oihana Azkorbebeitiak irabazi du Tena Bailarako mendi maratoia, errekor berria ezarrita

2022.09.4 | EHKM, Emakumeak, Errekorrak, Errrekor berria, Mendi lasterketak

Korrikalari abadiñarrak, Ana Taustek 2018an egindako markari 20 minutu jan zizkion, 6.57.45ko denboran helmugaratuta

Argazkia: trailvalledetena.com

 

 

Pasa den larunbatean, Trail Valle de Tena 4K mendi maratoia lehiatu zen, Panticosan (Huesca), goizeko 8: 00etatik aurrera herriko bainuetxetik abiatuta.

500 bat korrikalarik parte hartu zuten 43 kilometro eta 3.600 metroko desnibel positiboa duen ibilbidean, eta Garmo Negro (3051 m) izan zen igo zuten mendirik garaiena.

Emakumezkoen maila oso altua zen aurten modalitate honetan, Oihana Azkorbebeitia Skyrunning-eko Munduko Kopan maila bikainean lehiatzen ari den euskal korrikalaria bertan zela: besteak beste, Marta Riba 2017ko irabazlea, Igone Campos, Ainhoa Elizondo, Yaiza Miñana, Laiane Arrospide, Aiara Garaialde eta Jelena Malyseva.

Mendian beti gertatzen den bezala, meteorologia izan zen eguneko protagonista. Urruntzen ari zen ekaitz baten islek egunsentia argitzen zutela, orduek aurrera egin ahala eguzkia hodeiekin tartekatzen hasi zen, eta euria, uste baino arinagoa izan zen.

Azkenean, faboritoa zen Azkorbebeitiak irabazi zuen proba, 6.57.45ko denboran helmugaratuta, eta Indarpark taldeko Larraitz Aragon durangarra izan zen bigarrena (7.17.44). Ainhoa Elizondo (7:22:48) hirugarren sailkatu zen eta Igone Campos (7:24:58) laugarren. Top5a Jelena Malyseva lituaniarrak itxi zuen.

Azkorbebeitiak probako errekor berria ezarri zuen gainera, aurrekoari 20 minutu janda. Bera ez zen izan 2018ko Ana Tausteren errekorra ondu zuen bakarra ordea, izan ere bere atzetik sailkatu ziren arestian aipaturiko beste hiru euskal korrikalariek ere marka hobea egin zuten.

Azkorbebeitiak denboraldiko zazpigarren garaipena lortzeaz aparte, arantza kentzea lortu du, izan ere, Panticosako lasterketa aurtengo helburu nagusietarikoa zen. 2018an erretiratu egin behar izan zuen eta proba osoaz eta ibilbide ikusgarriaz gozatzeko irrikitan zegoen.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!