Oihana Kortazar eta Walter Becerraren esku jarraitzen dute Triku Trail lasterketaren errekorrak

2022.06.27 | EHKM, Emakumeak, Errekorrak, Gizonak, Mendi lasterketak

Pasa den igandean, ekainak 27, lehiatu zen probaren zortzigarren edizioa, zeinaren errekorrak, Walter Becerrak 2016an (1:42:58ko denboran helmugaratuta) eta Oihana Kortazarrek 2019an (1:57:04ko marka eginda) erdietsi zituzten

Argazkiak: trikutrail.com

 

Pasa den igandean, ekainak 27, lehiatu zen Triku Trail lasterketaren zortzigarren edizioa, non Walter Becerra eta Ainara Urrutia izan ziren azkarrenak.

21 kilometro eta 2.800 metroko desnibel metatua duen proba, Aralarko Kontserbazio Eremu Berezitik zehar igarotzen da. Gainera, bost trikuharri aztarnategitatik pasatzen da, eta hortik datorkio izena hain zuzen ere. 247 izen ematerekin, azkenean 190 korrikalarik soilik hartu zuten irteera, agian eguraldi iragarpenek euria iragartzen zutelako. Baina huts egin zuten, eta goiz freskoaz gozatu ahal izan zen, ezin hobea korrika egiteko.

Aurreko edizioan ez bezala, pandemiak eragindako urtebeteko geldialdiaren ondoren, Triku Trail Elkarteak antolatutako proba entzutetsua ohiko formatura itzuli zen, irteera eta helmuga Etxarriko kanpinean zituela. Handik, Maitzegur trikuharrira joan ziren lasterkariak, Auntzetxetik jarraitzeko, non Txaradigorriko trikuharrira igotzen hasi ziren, lasterketako punturik altuena eta tarterik gogorrena. Gero, ia etenik gabe, Hirumugetara igo ziren, Etxarri, Bakaiku eta Ataun udalerriek bat egiten duten lekura alegia. Jaitsieran, Jentitzulo, Iruiturrieta eta Bentatxar aztarnategietatik igaro eta Iraigorrirantz jo zuten, Fagamendiko trikuharrira igotzeko.

Emakumezkoetan Ainara Urrutia nagusitu zen 2:08:00ko denborarekin, bigarren sailkatu zen Leire Elolari (2:20:34) 12 minutu baino gehiagoko aldea aterata. Podiuma Marina Zabalak (2:25:26) osatu zuen. Gizonezkoetan berriz, Walter Becerrak irabazi zuen (1:45:34), Xabier Zarranz (1:48:26) eta Aimar Otxotekoren (1:50:01) aurretik.

Emaitza hauekin beraz, lasterketa ezin ederrago honen errekorrak oraindik Walter Becerra sestaoarraren eta Oihana Kortazar elgetarren eskuetan mantentzen dira.

Becerrak, 2016an lehiaturiko probaren hirugarren edizioan lortu zuen errekorra, 1:42:58ko denboran helmugaratuta. Orduko hartan Ander Iñarra izan zen bigarren (1:43:48) eta Jon Sola hirugarren (1:45:32).

Kortazarrek berriz, 2019an erdietsi zuen lasterketako markarik onena, 1:57:04ko denbora eginda, aurreko urtean Oihana Azkorbebeitiak lorturiko marka (2:03:13) bost minutu baino gehiagotan hobetuz.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!