Argazkia: Val d´Aran UTBM
Pasa den ostegunean eman zioten hasiera Val d´Aran lasterketari, UTMB zirkuituaren hitzordua, non guztira bost proba jokatzen diren: luzeena 162 kilometrokoa da eta motzena 15ekoa.
55 kilometroko distantzia eta 3.300 metroko goranzko desnibela dituen ibilbidean aritu zen Oihana Kortazar, Aiguestortes i Estany de Sant Maurici izeneko Parke Nazionalaren hainbat txoko zeharkatzen dituen lasterketan (2.600 metroko kota puntu garaiena da, eta 1.400 korrikalari irteera puntura hurbildu ziren).
Oihana Kortazarrek denboraldi ikaragarri ona egiten ari da, hainbat garaipen erdietsita, eta honakoan ere ez zuen hutsik egin. Salardu herritik goizeko 7etan irten ziren korrikalariak, beroa nagusi eta ekaitz arriskuarekin, Vielhan kokaturiko helmuga jomugan zutela.
Colomersetik pasatzerakoan, lasterketaren leku ikonikoa, 24 kilometro eta 1533 metroko desnibela gainditu ondoren, jada probaren buruan zegoen Kortazar 2 ordu eta 53 minutuko denborarekin. Atzetik, 7:30ra Anna Comet bigarren zebilen eta 8:30ra Mónica Vives hirugarren.
Handik aurrera, elgetarrak erritmoari eutsi zion, hasi eta buka menderatu zuelarik lasterketa, eta helmuga puntuan lehena izan zen 6:32:38ko denborarekin. Hartara, iaz Maite Maiorak ezarritako errekorra (6:55:20) 23 minutuan ondu zuen.
Garaipen handia gipuzkoarrak Pirinioetan lortu duena beraz. Gogoratu behar dugu azken bi lasterketetan, Mont Blanc-eko maratoian zein Desafio Somiedon hirugarren postuak sinatu dituela.
SAILKAPENA
1 Oihana Kortazar (6:32:38)
2 Anna Comet (6:47:39)
3 Mónica Vives (6:58:17)
4 Leidy Hormaza (7:27)
5 Yuanyuan Wu (7:32)
Gizonezkoen kategorian, berriz, askoz ere lehia estuagoa bizi izan zen. Aritz Egeak erritmo oso altuarekin hasi zuen lasterketa, eta hemezortzigarren kilometroan tropelaren buru zegoen.
Hogeita laugarren kilometroan, berriz, Colomers-eko lakutik igarotzerakoan, Raul Criado lehen postuan jarri zen eta helmugara lehen postuan heldu zen 5:41:00 denborarekin. Bigarren postua Marcos Ramosentzat izan zen irabazlearengandik lau minutura. Eta brontzea Egeak eraman zuen 5:46:54 denborarekin.
0 Comments