Oihane Retegi mendizale gazteak Kantauriar mendikatea zeharkatu du, markak hautsiz

2022.09.10 | EHKM, Emakumeak, Erronkak, Markak, Mendia

25 egunetan 345 kilometro inguruko mendi ibilbidea egin du oiartzuarrak, 28 kilometroko desnibelarekin. Mugarri bat ezarri du, trabesia osorik egiten duen lehen emakumea izan baita.

Argazkia: Girizia mendizale elkartea

 

Sekulako balentria egin du Oihane Retegi Arrutik, 17 urteko oiartzuarrak: Astur Torrecerredo Mendi elkarteak antolatuta, Kantauriar mendikatea zeharkatu du hamabost lagunek osaturiko gazte talde batekin, ondoan gidari batzuk zituztela laguntzeko. Mendilerroa kantauri itsasoarekiko paralelo doa eta 480 kilometroko luzera du.

Asturias eta Leon herrialdeen arteko mugan eman zioten hasiera zeharkaldiari uztailaren 18an eta Asturias, Kantabria eta Palentzian barrena ibili ziren Alto Campoon bukatu zuten arte, abuztuaren 11n.

Egunero zazpiak aldera jaiki, kanpin dendak desmuntatu, gosaldu ondoren motxila ongi prestatu eta martxan jartzen zen mendizale gazteen taldea, mendian gora.

Zeharkaldian 345 kilometro egin ditu gazteak, 22 etapatan banatuak (hiru egunetan atseden hartu zuten). Guztira 59 tontor igo ditu, gehienak 2.000 metro ingurukoak, altuena Peña Prieta izan zelarik, 2.539 metroko altuera duen mendia, hain zuzen ere.

Hilabete eskas batean 2.000tik gora metroko dozenaka mendi igo ditu, eta Kantauriar mendikateko trabesia hasieratik bukaerara egiteko gai izan den lehen emakumea izan da beraz. Harekin batera beste neskato adingabe bat ibili da, bakarrak izan dira.

Retegik txikitatik dauka mendizaletasuna, izan ere, Aldura mendiaren magalean bizi da eta oso umetatik ibili da mendian, gurasoekin askotan joan delarik etxe inguruko mendietara.

Datorren urteari begira dago jada oiartzuarra, Sierra Nevadara (Granada, Espainia) joateko asmoa baitu, 3.000 metroko gailurrak egitera, eta datorrenean, Marokora, 4.000 metrokoak egitera. Alpeetan dauden sekretuak ere deskubritu nahi ditu gazte oiartzuarrak eta bere ibilbidea ikusita helburuak gauzatuko dituela argi dugu.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!