Pagoeta Mendi Lasterketa irabazi dute Nerea Urteaga eta Hodei Lujanbiok

2023.05.1 | EHKM, Errekorrak, Mendi lasterketak

Hala ere, hemezortzigarren edizio honetako garaileek ezin izan zituzten errekorrak ondu: 01:32:37 zen gizonezkoek gainditu beharreko denbora, eta 01:59:05 emakumezkoek

Argazkia: pagoetaml.com

 

Pagoeta mendi lasterketaren hemezortzigarren edizioa lehiatu zuten pasa den igandean,  inoizko parte hartze handienarekin, izan ere, 482 korrikalari aritu ziren proba nagusian (532 zeuden izena emanda, baina azken unean huts egin zuten askok). Lasterketa mistoan, ordea, bete egin zituzten 125 bikoteentzako plazak.

Hain justu, lasterketa mistoa da Salbatore Mitxelena Ikastolak Pagoeta mendi lasterketari egin dion ekarpen nagusia hura antolatzeaz arduratzen denetik. 2016an hartu zion erreleboa ikastolak proba sortu zuen Pagoeta mendizale elkarteari, eta bosgarrenez antolatu zute lasterketa mistoan.

Ibilbide nagusiak, aldiz, zailtasun gehiago ditu: 21 kilometroko ibilbide zirkularra da, bi zatitan banatzen dena (Pagoeta gurutzerainiko igoera eta ondorengo jaitsiera Pagoeta Parke Naturala zeharkatuz) eta 1.600 metroko desnibel positiboa duena. Lasterketa nagusiko partaideak 09:30ean abiatu ziren Kikara taberna paretik, eta ordu laurden geroago 8 kilometroak korrika bikotean egin zutenak.

Azkenean, Nerea Urteaga korrikalari zumaiarra emakumezko azkarrena izan zen, bi ordu hamaika minutu eta hamahiru segundo behar izan zituelarik ibilbideko 21 kilometroak egiteko. Hori bai, amaieran gogor estutu zuen bigarren helmugaratu zen Nerea Amilibia zarauztarrak; izan ere, Urteaga bi minutuko aldearekin heldu zen  Pagoetako tontorrera eta beherakoan nabarmen murriztu zituen aldeak zarauztarrak. Hala, helmugan 26 segundo eskas atera zizkion aurkariari.

Zumaiako korrikalari gazteak lehenengo aldiz hartu zuen parte Zarauzko lasterketan eta iazko irabazleari gailendu zitzaion, hain justu. Hirugarren helmugaratua ere etxeko korrikalari bat izan zen, Ane Mendizabal, eta sei minutu atera zizkion Urteagak.

Gizonezkoetan, Hodei Lujanbio goizuetarrak irabazi zuen, eta nagusitasunez egin zuen, gainera. Minutu pasatxoko aldea atera zion 21 kilometrotan bigarrena izan zen Raul Amatriain Uitziko korrikalariari. 1:40:27 izan zen Lujanbioren denbora eta 1:41:36 Amatrianena. Hirugarren, berriz, Xabat Manzisidor azpeitiarra helmugaratu zen, 1:43:36ko denborarekin.

Ohi bezala, lehen hiru helmugaratuentzat izan ziren sariak, gizonezkoetan, emakumezkoetan nahiz lasterketa mistoan. Horrez gain, 200 euroko gainsariak zeuden ibilbide nagusian marka berria jartzen zuten korrikalarientzat (01:32:37 zen gizonezkoek gainditu beharreko denbora, eta 01:59:05 emakumezkoek) baina korrikalari bakar batek ere ez du aurreko urteetako markak hobetzerik izan.

Korrika bikoteka egin zuten kirolarien emaitzei erreparatuta, Ion Intxausti eta Naroa Uria azpeitiarrak izan ziren onenak. 41 minutu eta 25 segundoan amaitu zuten zortzi kilometroko ibilbidea, bigarrenak izan ziren Maddi Olaetxea eta Unai Udabe usurbildarrak baino 37 segundo azkarrago. Hirugarren, berriz, Aiako Ainhoa eta Mikel Usandizaga neba-arrebak izan ziren eta 42 minutu eta bi segundo behar izan zituzten ibilbidea egiteko.

SAILKAPENAK:

IBILBIDE NAGUSIA GIZONEZKOAK:

  1. Hodei Lujanbio Apezetxea 1:40:27
  2. Raúl Amatriain Arraiza 1:41:36
  3. Xabat Manzisidor Hermina 1:43:36

IBILBIDE NAGUSIA EMAKUMEZKOAK:

  1. Nerea Urteaga Sorazu 2:11:13
  2. Nerea Amilibia Arruti 2:11:39
  3. Ane Mendizabal Etxabe 2:17:20

IBILBIDE MISTOA:

  1. Naroa Uria Olaizola eta Ion Intxausti Unanue 0:41:25
  2. Maddi Olaetxea Usabiaga eta Unai Udabe Maiz 0:42:02
  3. Ainhoa Usandizaga Zubiaurre eta Mikel Usandizaga Zubiaurre 0:42:48

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!