Argazkia: Igarondo Urpekoak
Irati Lakunzaren erreleboa hartu dute Igarondo Urpekoak taldeko Patxi Monge eta Gregorio Mancisidor beteranoek, Calin (Kolonbia) lehiaturiko master mailako hegats igeriketako Munduko Txapelketan.
55 urtetik gorako kategorian hartu dute parte, eta guztira, sei domina lortu dituzte, ur gaineko 50 eta 100 metrotako probetan, eta apnea modalitateko 50 metroko proban: Mongek urrezko hiru domina irabazi ditu, eta proba berdinetan parte hartu duen Mancisidorrek, zilarrezko hiru domina lortu ditu.
Patxi Mongek, gainera, apnea modalitateko proban, munduko errekor berria ezarri du, 16.86ko denborarekin.
Iazko urrian Lignano Sabbiadoron (Italia) egin zen Hegats Igeriketako Europako Master Txapelketan, Patxi Monge eta Gregorio Mancisidor bikain aritu ziren ere, hainbat domina lortuz.
Igarondo Urpekoak taldeko igerilariek master 50 mailan hartu zuten parte, emaitza ezin hobea lortuz: 50 metro apneako proban urrea Mongerentzat izan zen eta zilarra Mancisidorrentzat, izugarrizko lorpena izanik taldearentzat. Gainera Mongek zilarra lortu zuen 50 eta 100 metro ur gaineko probetan, eta Mancisidor 4. eta 5. izan zen proba horietan.
Bi igeriketa mota daude hegatsekin: urpeko igeriketa edo urperaketa, eta gainazalean igeri egitea. Lehenengoan, lehiakideak 100 eta 800 metro arteko distantziak egiten ditu aire konprimatuko botila edo zilindro batekin, urpekaritzan erabiltzen direnen antzekoa, baina bolumen txikiagokoa, uraren azpitik. 50 metroko distantzia apnean egiten da, hau da, arnasarik hartu gabe.
Gainazalean igeri egiteko, igerilariaren kopetan finkatuta jartzen den «snorkell» edo arnasteko hodi bat erabili behar da, eta arnasa hartzeko aukera ematen dio burua ur barruan sartuta mantentzen duen bitartean.
0 Comments