Argazkia: (PEMBA GELJE XERPA)
Azken egunotan Pemba Gelje Xerpa eta Tyler Andrews nor baino nor aritu dira abiadurako errekor berri baten bila Manasluko (8.163 m) aldatsetan, 2019an François Cazzanellik ezarritako marka hobetu nahian.
Alpinista italiarrak hamahiru ordu behar izan zituen Nepalen dagoen zortzimilako hori igotzeko, eta jeitsiera kontutan hartuta 17 ordu eta 43 minutuan gelditu zuen kronoa. Orduko hartan, Andrzej Bargiel poloniarraren denbora hobetu zuen, 14 ordu eta 5 minututan gailurra zapaldu zuena (igoera zein jeitsiera kontutan hartuta: 21 ordu eta 14 minutu).
Nepaldarrak eta estatubatuarrak, aldiz, soilik igoera izan dute xede. Tyler Andrewsek, Kilimanjaro, Aconcagua, Everesteko CB, Mt. Fuji edo Inca Trailean eginak zituen dagoeneko abiadura errekorrak, nahiz eta zortzimilakoetan esperientziarik ez zuen. Bestalde, Pemba Gelje Sherpa nepaldarra, IFMGA gidaria eta Imagine Nepalen taldeko kidea, Everesten zortzi tontor ditu, eta K2, Kangchenjunga eta Makalu bezalako beste batzuk.
Joan den asteartean ekin zioten bi alpinistek erronkari, eguraldi ona probestuz eta mendia behetik gora soka finkoekin ekipatuta zutela, biek ala biek oxigeno gehigarririk gabe. Irteera puntutik lehena ateratzen Andrews izan zen eta ordubete beranduago nepaldarra abiatu zen.
Estatubatuarra oso indartsu hasi zen, eta lehenbiziko sekzioan ordubeteko aldea ateratzen zion nepaldarrari. Adibidez, hirugarren kanpalekura iristeko, 3 ordu eta 44 minutu behar izan zituen. Baina 7.000 metrora zela, erritmoa asko mantsotu zuen, eta Pemba Gelje Xerpak, aldea asko murrizteaz gain, 7.650 metroko kotan bere lehiakidea harrapatu zuen.
Azkenean, azkarrena Pemba Gelje Xerpa izan zen hamabi orduko denborarekin, Cazzanelliren errekorra ordubetean hobetuz. Andrewsek, berriz, ezin izan zuen gailurra zapaldu, 7.750 metrotan zela bertan behera utzi zuelarik saiakera.
Hortaz, Manaslun ezagutzen den denbora azkarrena nepaldarraren esku geratu da. Jaitsieran ez zen italiarra bezain azkarra izan, hogeita bi orduko jarduna egin eta gero kanpaleku nagusira heldu baitzen.
0 Comments