Pou anaiek erronka berria gainditu dute

2022.06.27 | EHKM, Erronkak, Mendia

Enekok eta Ikerrek hiru egunetan bi bide berri egin dituzte Andeetan, Peruko Cordillera Blanca mendikatean. Hanan Pacha eta Emmoa izenak eman dizkiete Urus mendietan kateaturiko bi bideei. Lan zaila eta arriskutsua izan da, baina, azkenean erronka ondo burutu ahal izan dute.

Argazkia: hermanospou.com

 

Iker eta Eneko Pou bueltan dira. Arabar anaiek helmuga errepikatu dute eta berriz ere Peruko Andeetara abiatu ziren, azken urteotan ia bigarren etxea bihurtu den lekura. Bertan izan ziren 2017, 2019 eta 2021ean jarduera bizi eta interesgarri bat garatzeko, nazioarte mailako bederatzi bide ireki zituztelarik, besteak beste.

Oraingoan, Iker eta Eneko Pou anaiek mugarri berri bat lortu dute Los Andes mendikatean, Perun, Urus Mendebaldean bi bide berri ireki baitituzte, 5.000 metrotik gorako tontorrean. Espedizioan, Micher Quito eskalatzaile perutarra eta Alex Estrada kameraria izan dituzte bidelagun.

Urus mendiak Ishinca eta Uruskotxako haitzarteen artean daude kokatuta, hiru tontor nagusi dituen kordal luze bat osatuz: Urus Ekialdea (gehien igotzen dena, erraztasunez igotzen delako), Urus Erdialdea eta Urus Mendebaldea (gutxitan igo dena).

Azken horrek 5.000 metrotik gorako orratz independenteak ditu inguruan, oso zailak direnak. Poutarrek 2021ean erreparatu zioten mendigune horri, Ishincako haitzartea zeharkatu zuten azken jardueran.

Horrela, sei orduz oinez ibili ondoren, Urus Mendebaldearen oinera iritsi ziren, 4.900 metro inguruko altueran. Egunean zehar tenperaturak atseginak izan baziren, gauean dena izozten da, baina hori ez zen eragozpena izan 8 ordu geroago hiru alpinistak gailurra zapaldu baitzuten, lainoaren erdian. Irekiera berri, tekniko eta zail honi (Urus Mendebaldearen gailurrera iristen dena, 5.450m) Hanan Pacha 90º/425 m izena jarri zioten inken jainko zaharren omenez.

Jarduera hori bukatu eta biharamunean, esploratzen jarraitu zuten, Urus Mendebaldea osatzen zuten orratzen oinarritik ibiliz. Azkenean Mendebaldeko Urus III orratza aukeratu zuten beste eskalada bati ekiteko. Zazpi orduko eskalada etengabearen ondoren, ibilbidea kateatzea lortu zuten eta EMMOA M.6/75º/640 m izenez bataiatu zuten, euskal mendi museoaren omenez.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!