Prakash Xerpak eta Benedikt Bohmek abiadura errekor berria ezarri dute Cho Oyun

2023.10.12 | EHKM, Errekor mundialak, Errekorrak, Errrekor berria, Mendia

Bi alpinistok on push edo eraso bakar batean, ezagutzen den denbora azkarrena sinatu dute: 12 ordu eta 35 minutu

Argazkia: (Benedikt Bohm/Dynafit)

 

Himalaiako udazkeneko denboraldiak abiadura errekor berri bat ekarri digu, Cho Oyu mendian (8.188 m) hain zuzen ere, non Prakash Xerpa eta Benedikt Bohm alpinistek on push edo eraso bakar batean, ezagutzen den denbora azkarrena sinatu dute: 12 ordu eta 35 minutu.

Bohm, espezialista handia izateaz gain, Dynafit enpresaren zuzendari orokorra da. Prakash Xerpa, berriz, alpinista eta mendi gidaria. Joan den 7an, alemanak eta nepaldarrak kanpaleku nagusiaren eta tontorraren artean dagoen 2.588 metroko desnibela gainditu zuten, oxigeno gehigarririk gabe. Nahiz eta helburua igoera zen, zazpi ordu baino gutxiagoan oinarrizko kanpalekuan zeuden berriro.

Hautatutako ibilbideari dagokionez, alpinistok Tibeteko ipar-mendebaldeko aurpegitik igo ziren. Hots, isuri horrek duen ohiko bidetik, baldintzak oso kaskarrak zirelarik: sekzio batzuk oso izoztuta zeuden,  haizete gogorrak zeuden… Mendiaren baldintzak eta klimaz aparte, beste erronka batzuk gainditu behar izan zituzten, izan ere, Txinak Tibet inbaditu zuenetik, tentsio politikoak gogortu dira. Eta, hortaz, ez da batere erraza izaten Cho Oyu isuri horretatik igotzeko baimen bat lortzea, eta horren adierazlea da 2.019. urtetik aurrera atzerriko alpinistek ez dutela aukerarik izan Cho Oyun jarduteko. Udazken honetan, ordea, Txinak lehen aldiz baimenak banatu ditu.

Aklimatazio fasea amaitu, eta, joan den 7an igoerari ekin zioten. Alpinista alemanak baieztatu du udazkeneko denboraldia gogor astintzen ari dela Cho Oyu mendia. Oro har, muturreko baldintzak izan dituzte, eta lehen ekinaldian, hilaren 2an eginikoa, gailurra lortzeko zorian izan ziren. Oraindik aklimatazio fasean zeuden, eta tontorretik 100 metrora geratu ziren. Bost egun beranduago, eguraldi egonkorrarekin xedeari ekin zioten. Leiho on bat aprobetxatu eta oso azkar igo zuten zortzimilako hori. Esan dugun bezala 12 ordu eta 35 minutu behar izan zituzten.

Cho Oyun lortu duen denbora azkar horrekin, alpinista alemanak bere curriculuma handitu du. 2006. urtean, Gasherbrum II mendian (eskiekin jaitsi zuen ere) eta 2012.ean Manaslun oso denbora onak egin zituen. Abiadura errekorrak ere baditu Dhaulagiri VII eta Himlung Himal mendietan. Zazpimilako horiek eskiekin jaitsi zituen.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!