Rebecca Sirwaneik Donostiako Maratoiko errekorra hobetu du

2022.11.29 | EHKM, Emakumeak, Errrekor berria, Lasterketak

2:23:09ko denbora eginda, 1995ean Ana Isabel Alonso palentziarrak Anoetako Miniestadioan lorturiko marka (2:26:51) hautsi zuen lasterkari keniarrak

Argazkia: zurichmaratonsansebastian.com

 

Rebecca Sirwanei keniarrak irabazi du emakumezkoen mailako Donostiako Maratoia eta bidenabar errekor berria ezarri du (2:23:09), 1995etik indarrean zen Ana Isabel Alonsorena hobetuta (2:26:51). Gizonezkoetan 2002an ezarri zuen Timothy Cherigatek errekorra eta 20 urte bete ditu jada.

Donostiako maratoia Donostia hirian urtero egiten den 42 kilometroko maratoi bat da, zeina 1978. urtetik urtero jokatzen da azaroan. Aurten, 6.000 korrikalarik hartu zituzten hiriko kaleak 10k, 21k eta 42k maratoiko lasterketetan, probaren 44. edizioa running-aren festa handia bihurtuta.

Zerua estalita, 10 graduko tenperaturarekin eta haizerik gabe, korrika egiteko baldintza ezin hobeak eman ziren eta hori ederki baliatu zuten emakumezkoen elite mailako korrikalariek.

Rebecca Sirwaneik 2 ordu, 23 minutu eta 9 segundo behar izan zituen Hernani Kalean hasi eta Boulevardean amaitu zen 42,195 kilometroko ibilbidea osatzeko. Keniarra izan zen lehena helmuga zapaltzen eta historiako marka onena egin zuen, atzetik bigarren postuan Gladys Cherkurui sailkatu zelarik, garailearekiko 3 minutu eta 12 segundora. Hirugarren postua Euliter Jepchirchirrek (2:28:20) bereganatu zuen.

Marka onena izanagatik faboritoa zen Gulume Tollesa etiopiarra lasterketaren hasieratik atzean geratu zen, Sirwanei Tanuik eta Chepkiruik ezarritako erritmoari ezin eutsita. Probaren erdia osatuta, Zenebu Bihonegn etiopiarrak bakarrik eusten zien baina helmugaraino hamar kilometroren faltan, Sirwanei Tanui, 21 zenbakiduna, bakarrik joan zen erritmo aldaketa on batekin, azkenean bakarrik helmugaratu zelarik.

Sirwaneik debuta egin zuen Donostiako Maratoian (maratoi erdian 1:11:18ko  marka du) eta ezin izan zuen estreinaldi hobea eduki, izan ere, erabat nagusitu zen probaren hasieratik amaieraraino eta historia egin zuen lasterketako marka berria ezarrita.

1995ean, Ana Isabel Alonso palentziarrak Anoetako Miniestadioan zegoen helmuga zeharkatu zuen, Donostiako maratoiko 42,195 kilometroak 2:26:51ko denboran bete ondoren, Wang Junxia txinatarraren eskuetan zegoen lasterketako errekorra hautsiz (2:28:16).

Aurten baina, Afrikako fondistak hiru minutu eta erdi baino gehiagoan ondu du errekor hura eta erbiak lagun izan balitu, azkarrago korrika egiteko aukera izango zukeela eman zuen. Izan ere, Sirwanei Tanui ez zen izan Alonsoren 2:26:51ak hobetu zituen bakarra. Gladys Chepkirui herrikideak, bigarren helmugaratu zena, 2:26:21eko denbora egin baitzuen.

Gizonezkoetan Sisay Fekadu nagusitu zen, 2 ordu 13 minutu eta 29 segundoko markarekin, eta ezin izan zuen hobetu duela 20 urtetik indarrean den 2 ordu, 9 minutu eta 34 segundoko probako marka onena. Melese Kifle izan zen bigarren irabazlearekiko 10 segundora. Hirugarren amaitu zuen Dereje Adugnak; honek, Fekaduk baino 23 segundo gehiago behar izan zituen ibilbidea osatzeko.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!