Argazkia: naiz.eus
Datorren igandean, azaroak 13, lehiatuko da urtero lez, Behobia-Donostia lasterketa entzutetsua. Rosa Luena andoaindarra Berriozarren (Nafarroa) bizi da duela 26 urtetik, eta Behobian partaidetza gehien duen korrikalaria da.
Berlingo harresia erori zen urte berean, andoaindarrak lasterketa korritu zuen lehen aldiz lagun batekin batera eta 1989tik Behobia bakar bat ere ez du galdu. Erretzeari utzi ziolako hasi zen Rosa Luena korri egiten eta gustatu egin zitzaiola ikusita, federatzea erabaki zuen eta Andoaingo Zumeatarra klubean dabil ordutik.
32 ediziotan egin du lasterka, gehi 2020an korritu zuen edizio birtuala, izan ere, Covidak proba bertan behera uztera behartu zuen duela bi urte baina Luenak Behobia birtualean parte hartzea erabaki zuen, hamar kilometroko bi saiotan.
Aurtengoarekin beraz, 33 aldiz osatuko ditu Irun eta Donostiako Bulebarraren arteko hogei kilometroak. Lasterketa jendetsu honetan parte hartze gehien duen emakumea da.
Rosak 56 urte ditu eta 24rekin egin zuen debuta. Estreinatu zenean parte hartzen zuten emakumeak oso gutxi ziren. Korritu zuen lehenengo edizio horretan ordubete eta 52 minutuko denborarekin helmugaratu zen, hainbeste urteren buruan, Behobiako bere markarik onena ordubete eta 24 minutukoa izatera iritsi zelarik.
Bere hirugarren Behobia osatu ondoren maratoiak prestatzen hasi zen, baina 1999an uko egin zien. Garaia hortakoak dira, 1993an Madrilen (3 ordu eta 8 minutu) eta 1995ean Donostian (3 ordu eta 5 minutu) egindako markak.
Proba kuttuna da Luenarentzat, batez ere publikoagatik. Mundu guztia ateratzen da kalera animatzera, ibilbideko gune jakinetan musika ere jartzen dutelarik zaletu batzuk, giro aparta sortuz.
Etxean ere zaletasuna ez da eten, hamaika urte dituen Lei izeneko alabak atletismoa egiten baitu Berriozarko klubeko eskolan.
0 Comments