Rosario Tomasenak Gibraltarreko itsasartea zeharkatu duen emakumerik helduenaren marka hautsi du

2023.07.24 | EHKM, Emakumeak, Errekor mundialak, Errekorrak, Errrekor berria, Igeriketa

77 urteko igerilari urnietarrak, 6 ordu eta 23 minutuan osatu zituen Cadiz eta Marokoko kostaldeak lotzen dituzten 16 kilometroak

Argazkia: ACNEG

 

Maria del Rosario Tomasena Alzunik, 77 urteko euskal  igerilaria, Gibraltarreko itsasartea zeharkatu duen emakumerik nagusienaren marka hautsi du, 6 ordu eta 23 minutuan egin dituelarik Cadiz eta Marokoko kostaldeak lotzen dituzten 16 kilometroak. Aurretik, Angela Elda Marchettik zuen titulua; 2017an egin zuen ibilbidea, 69 urterekin.

Erregistroak ofizialki homologatzen dituen Gibraltarreko Itsasartea Igerian Gurutzatzeko Elkarteak (ACNEG) jakinarazi duenez, 1946ko martxoaren 13an jaiotako Maria del Rosario Tomasena Alzuni igerilariak astearte arratsaldean egin zuen erronka, eta neoprenoarekin uretara bota zuen bere burua, itsasoko tenperatura baxutik babesteko.

Igerilari gipuzkoarra goizeko 11:13an irten zen Tarifatik (Espainia, Cadiz), eta 6 ordu eta 23 minutuz egin zuen igeri Marokoko kostaldera ailegatu arte, bi ertzeen artean dauden 16,1 kilometroak osatuz. Horren ondorioz, ACNEG elkateak miresmen eta errespetu osoa adierazi dio igerilariari, amets bat lortzeko inoiz berandu ez dela erakutsi duelako.

Gibraltarreko itsasartea igerian zeharkatzeko saiakeren inguruko lehen datuen jatorria 1927an dago, Mercedes Gleitze eta Hudson igerilari ingelesak Tangerretik Gibraltarrera igarotzen saiatu zirenean, hain zuzen ere. Jakina, orduko hartan ez zuten helburua lortu, aukeratu zuten bidea ez baitzen egokiena. Urtebete geroago, Mercedes Gleitze berriro saiatu zen Tarifatik eta 12 ordu eta 50 minutuan iritsi zen Marokoko kostaldera.

Beraz, garai hartako hastapenetan igerilari ausart gutxi batzuk izan ziren protagonista, bertako arrantzaleek lagunduta. 80ko hamarkadan, Tarifako talde bat Gurutze Gorriarekin elkarlanean hasi zen igerilari bakan horiei laguntzen, ur korapilatsu horiek ezagutzen zituzten langileen aholkularitza teknikoa eta hori egiteko materiala eskainiz.

1999an ACNEG (Asociación Cruce a Nado del Estrecho de Gibraltar) sortu zen, urtean 2 edo 3 zeharkaldi saiakera antolatzen zituelarik, gaur egun jasotzen dituen ehunka eskaerekin alderatuta. Egun, mundu osoko igerilariek Gibraltarreko itsasartea igerian zeharkatzea dute helburu, eta asmo horietan, banakako erronka solidarioak ez ezik, nazioartean errekonozimendua duten erronkak ere sartzen dira, hala nola Oceans Sevens, Gibraltarreko itsasartea zazpi kontinenteetan egiten diren ur irekien erronka garrantzitsuenen artean sartzen duena.

Rosario Tomasenaren lorpenak

-2015ean, Errusian izan zen, Kazan hirian. Ur irikien munduko txapelketan parte hartu zuen, Kazanka ibaian, Volgaren adarrean. Zilarrezko domina lortu zuen.
-2016an Bled lakuan (Eslovenia) ere murgildu zen, ur hotzetan, 3000m egin behar izan zituen egun batean, eta, biharamunean 5000m. Bere denborarik onenak eskuratu zituen bietan.
-2018an Reto del Ebro proban parte hartu zuen, Tuterako triatloi sprint-ean.
-2021ean Madrilen triatloi super-sprint izenekoan parte hartu zuen eta lehen postua lortu zuen. Bi triatloi ziren, elkarren segidan, birritan honako itzuli hau: 300m igerian, 5km bizikletan eta 1km eta 300m korrika. Espainian, triatloi olinpikoa, sprint-a eta super sprint-a egin duen lehen emakumea da (+70 urte eta +75 urte adin bueltan).
-2023an Gibraltarreko itsas-zeharkaldia egin zuen. 11:15ean irten zen Tarifatik (Cadiz), eta 6 ordu eta 23 minutu eta 24 segundu ondoren iritsi zen Cires muturreko kai muturra (Maroko) kostaldera, 16,1 kilometro igerian egin ondoren. Gibraltarko itsasartea zeharkatu duen andrerik helduena bihurtu zen, 77 urterekin.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!