Sanu Xerpa, hamalau zortzimilak birritan igotzen aurrena

2022.07.25 | Errekorrak, Errrekor berria, Gizonak, Mendia

Zamaketari lanetan aritzen den nepaldarrak pasa den ostegunean zapaldu zuen Gasherbrum II-ko gailurra, munduko hamalau mendi garaienak bi aldiz igotzen dituen lehen mendizalea izan delarik

Argazkia: Sanu Xerpa

 

Sanu Sherpa nepaldarra hamalau zortzimilakoetara bi aldiz igo den munduko lehen pertsona da, pasa den ostegunean Naoko Watanabe japoniarraren gidari gisa Gasherbrum II (8.035 m, Pakistan) mendian gailurra egin ondoren. Gainerako igoeretan bezala, altuerako gida gisa eta oxigeno osagarria erabiliz egin zuen lan nepaldarrak.

Sanu Xerpa Makaluko eskualdean jaio zen, familia txiro batean. 2005. urtean Katmandura joan eta han eman zioten bere lehen lana. 2006. urtean, berriz, espedizio korear batekin Cho Oyura joateko aukera izan zuen. 2019an hirugarren nepaldarra izan zen hamalau zortzimilakoak igotzen, Dhaulagiri igo ondoren. Dhaulagiri 2021ean errepikatu zuen, Annapurna, K2 eta Lhotse mendiekin batera, eta 2022rako utzi zituen azken hiru tontorrak: udaberrian Kangchenjunga eta Makalu menderatu zituen, eta orain Gasherbrum II-ko gailurra zapaldu du, munduko hamalau mendi garaienak bi aldiz igotzen dituen lehen mendizalea izan delarik.

Hamalau zortzimilakoak bikoizteko proiektua Juanito Oiartzabali otu zitzaion lehen aldiz. Euskal mendizaleak 2009an jarri zuen martxan helburu hori, baina 2012an eten behar izan zuen, osasun arazoengatik. Juanitori lau gailur geratu zitzaizkion amets hori betetzeko: Broad Peak, Nanga Parbat, Dhaulagiri eta Shisha Pangma.

Zortzimilakoak itsas mailatik 8.000 metro baino gehiagoko altuera duten 14 mendiak dira eta guztiak Himalaia eta Karakorum mendikateetan daude, Asian.

Sanu Sherparen zortzimilakoak:

1.- Cho Oyu – 2006, 2008

2.- Manaslu – 2011, 2016, 2020

3.- Everest – 2007, 2009, 2012, 2013, 2016

4.- Lhotse – 2008, 2021

5.- Shisha Pangma – 2006, 2011

6.- K2 – 2012, 2021

7.- Gasherbrum I – 2013, 2019

8.- Kanchenjunga – 2014, 2022

9.- Broad Peak – 2014, 2017

10.- Annapurna – 2016, 2021

11.- Nanga Parbat – 2017, 2018

12.- Makalu – 2019, 2022

13.- Gasherbrum II – 2019, 2022

14.- Dhaulagiri – 2019, 2021

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!