Sara Alonsok Mont Blanc maratoiaren marka ezarri du

2022.06.27 | EHKM, Emakumeak, Errekorrak, Errrekor berria, Mendi lasterketak

23 urteko donostiarrak denboraldi aparta egiten ari da. Zegama-Aizkorri lasterketako podiumean amaitu ondoren, Chamonixen irabazi berri du, probako errekorra hautsiz, eta amak berak helmugaratu baino lehen eman dion «Gora Euskadi» lelodun txano mitikoa jantzita

Argazkia: https://www.marathonmontblanc.fr

 

Sara Alonsok Mont Blanceko Maratoia irabazi zuen pasa den asteburuan, 42 kilometro eta 2540 metroko desnibela duen Golden Trail World Series 2022ko zirkuituko bigarren proba.

23 urteko euskal korrikalariak oso lasterketa burutsua egin zuen. Aiguillette des Posettesetik (18. km) pasatzerakoan, Anaïs Sabrié frantziarra, 2021eko edizioko bigarrena, lasterketako liderra zen, baina Sara Alonsorengandik segundo gutxira. Emkay Sullivan estatubatuarra hirugarrena zen. Jaitsieran ordea, Sarak bere legea ezarri zuen eta aurkariak atzean utzi zituen. Vallorcinen dagoeneko, 23,5 kilometroan, Sara Alonso aurretik zen eta bere erritmoari jarraiki helmugaraino bakarrik ailegatzea lortu zuen.

Inork ez zuen harrapatu, baina susto txiki bat izan zuen helmugatik hiru kilometrora, ondoriorik gabeko erorketa bat izan baitzuen. Donostiako atletak 4:14:48ko marka egin zuen Chamonixera iritsi zenean, aurtengo edizioan Adiskidetasunaren Triangelu plazan zegoen helmuga estreinatu zuelarik. Catilina Fielder zeelandaberritarra -4:20:20- bigarren sartu zen, Dani Moreno estatubatuarrarekin -4:21: .52- amaiera estua izan ondoren. Oihana Kortazar beteranoa -4 ordu: 28: 42- seigarren postuan helmugaratu zen.

Donostiarrak, probako errekorra hautsi zuen arren, helmugaren atarian gelditu eta 80. hamarkadako Euskal Herriko txanotxo tipikoa janzteko denbora hartu zuen, amak berak jarri ziona helmugara iritsi baino metro pare bat lehenago.

Mont Blanceko Maratoian lortutako garaipenak, gainera, Alonso Golden Trail World Serieseko sailkapen nagusiaren buruan jarri du, lehen bi probak jokatu ondoren.

Alonso denboraldi aparta egiten ari da. Denbora gutxian, Transgrancanaria 2022ko maratoia irabazi zuen, hirugarren postua lortu zuen Zegama-Aizkorri maratoian – Golden Trail World Seriesen barruan –, eta Nuriako Olla Vertical lasterketan ere garaile atera zen, besteak beste.

Sailkapena

  1. Sara Alonso (EH) 4:14:49
  2. Caitlin Fielder (NZ) 4:20:21
  3. Moreno Dani (USA) 4:21:52
  4. Anaïs Sabrié (FR) 4:22:10’
  5. Marcela Vasinova (CH) 4:24:35
  6. Oihana Kortazar (EH) 4:28:42

Sailkapen osoa ikusteko sakatu HEMEN

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!