Sara Villasantek Txingudi Korrikako errekorra ondu zuen iragan larunbatean

2022.10.4 | EHKM, Errekorrak, Errrekor berria, Lasterketak

Donostiarra izan zen protagonista nagusia, izan ere, garaipena eskuratzeaz aparte, orainarte indarrean zegoen errekorra (35:41), berak ezarritakoa 2021ean, hautsi egin zuen. 16 segundo azkarrago korritu zuen eta 35:25eko denboran helmugaratu zen, marka berria ezarriz.

Argazkia: BAT

 

Irungo eta Hondarribiko SUPER AMARA Bidasoa Atletiko Taldeak eta Hendaiako Urpean Subaquatique Clubek, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren babesarekin, XXIII. Txingudi Korrikaren ekitaldia antolatu zuten pasa den larunbatean, urriaren 1ean.

Irundik pasatuta, Hendaia eta Hondarribia lotzen dituen lasterketan, 500 korrikalari iritsi ziren helmugara lehen aldiz homologatuta zegoen proba honetako hamar kilometroak bete ondoren.

Sara Villasante donostiarra izan zen protagonista nagusia, izan ere, garaipena eskuratzeaz aparte, larunbat honetara arte indarrean zegoen errekorra (35:41), berak ezarritakoa 2021ean, hautsi egin zuen. 16 segundo azkarrago korritu zuen eta 35:25eko denboran helmugaratu zen, marka berria ezarriz.

Super Amara BAT taldeko fondistak ez zuen aurkaririk izan Hendaian 16:30ean hasi, Irundik igaro eta Hondarribian amaitu zen lasterketa honetan. Bigarren izan zen Maite Carrica (40:05) baino ia bost minutu azkarrago osatu zuen ibilbidea, hirugarren postuan Maria Navascues (40:16) sailkatu zelarik. Villasante 18. lasterkaririk onena izan zen sailkapen nagusian, 17 gizon bakarrik iritsi baitziren bera baino lehenago. Lasterketaren erdialdetik igarotzean, 17:43 izan zen bere denbora, partzialak ia iltzatuz.

Gizonezkoetan berriz, Jose Antonio Gomez de Arriba izan zen lehena helmugaratzen, 32:20ko denborarekin. Ez zen Gomez de Arribak proba honetan parte hartzen zuen lehen aldia. Orain arte bigarren postuekin konformatu behar izan da beti, baina edizio honetan azkenik, garaipena dastatu zuen. Bigarren Cedric Simovis sailkatu zen 32:42ko kronoa eginez eta hirugarren, Iñigo Macias 33:12ko denborarekin.

SAILKAPENA

Emakumeak

  1. Sara Villasante 35.25
  2. Maite Carrica 40.05
  3. María Navascues 40.16
  4. Olatz Zabala 40.40
  5. Lide Azkue 42.30

Gizonak

  1. Jose Antonio Gomez de Arriba 32.20
  2. Cedric Simovis 32.42
  3. Iñigo Macias 33.12
  4. Gwendal Larque 33.30
  5. Daniel Martínez 33.37

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!