Sukiatarrak, errekorren familia

2023.07.17 | Atletismoa, EHKM, Errekorrak

Zuhatz Sukia atleta ataundarrak Euskal Herriko bigarren marka onena lortu berri du pisu jaurtiketan, 17,84 metrorekin. Erregistrorik onena bere aitarena da, 19,05ko errekorra ezarri baitzuen 1999an Tolosan

Argazkia: goierri.hitza.eus

 

Pasa den asteburuan jokatu zen Gijonen 18 urtez azpikoen Estatu mailako Txapelketa, non zilarrezko domina lortu zuen Zuhatz Sukia Imazek pisu-jaurtiketan. Pisua 17.84 metrora jaurtita, bere marka pertsonala ondu zuen Txindoki A. T.-ko kirolariak, Euskal Herriko inoizko bigarren markarik onena lortuta.

Hamasei urte dauzka Zuhatz Sukiak, irailean beteko ditu hamazazpi, eta bilakaera ikusgarria izaten ari da aspaldi hontan. Esaterako, martxoan Salamancan lehiatu zen Sukia, pista estaliko 18 urtez azpikoen Espainiako txapelketan. Brontzezko domina irabazi zuen orduan.

Nazioarteko atletismoan 2021eko martxoan egin zuen debuta, Oviedon, 16 urtez azpikoen estatukoan. 4 kiloko bola 13,38 metrora bota zuen orduan. Orain, pista irekiko zilarrezkoarekin, Euskal Herriko domina-zerrendan lortu du tokia egitea.

Atleta ataundarrak igande iluntzean erdietsi zuen aipaturiko marka, bere bigarren saiakeran. Haren aita Iker Sukia Esnaolak (Ataun, 1978) dauka errekorra, maila absolutuan: 19,05 metro (Tolosa, 1999). Inoizko euskal jaurtitzailerik onena da Iker: juniorretan Europako hirugarrena, 11 aldiz Estatuko txapeldun, euskal markaren jabe… 18 urtez azpikoen kategorian (5 kiloko pisuarekin) 20,13 botatzera iritsi zen Iker Sukia (Bath, Ingalaterra, 1995).

Odei Lopez pisu jaurtitzaile ohi legorretarra du Ordiziako atletismo klubean entrenatzaile Zuhatz Sukiak. Juniorretan Euskadiko txapeldun izan zen 2006an (17,40rekin kategoria horretako errekorra, sei kiloko pisuarekin), eta promesetan Espainiako txapeldun 2008an.

Ikasleak maisua gainditu duela esan liteke, markei dagokienez. Lopezek pista estalian 17,20 metro du marka pertsonala (Donostia, 2011), eta irekian 17,14 metro (Tolosa, 2010).

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!