Udane Ostolaza garaile Euskadiko I. Kintopeko Harri-jasotze Txapelketan

2022.08.22 | EHKM, Emakumeak, Errekorrak, Harri-jasotzea, Herri kirolak

Kintopeko lehenengo emakumezkoen txapelketa izan da honakoa eta beraz Ostolazak aurreneko marka ezarri du, 2.500 kilo altxatuta 50 jasoalditan.

Argazkia:

Pasa den ostegunean, hilak 18, Gernikan jokatu zen emakumezkoen Euskadiko I. Kintopeko Harri-jasotze Txapelketa, bertan hiru neska lehiatu zirelarik: Aroa Sanchez eta Udane Ostolaza oriotarrak, eta Olaia Esnaola azpeitiarra.

50 kiloko zilindroarekin hiru minutuz aritu ziren lanean, eta 50 kiloko kubikoarekin beste hiru minutuz eta azkenean Ostolaza nagusitu zen, eta berarentzat izan zen txapela. Kintopeko lehenengo emakumezkoen txapelketa izan da honakoa eta beraz Ostolazak aurreneko marka ezarri du, 2.500 kilo altxatuta 50 jasoalditan.

Sanchez izan zen bigarren, eta Esnaola, berriz, hirugarren, hurrenez hurren. Joseba Ostolaza Harri Eskolakoak dira hirurak (gaur egun bost harri-jasotzaile emakume aritzen dira bertan).

Ostolazak 32 altxaldi eman zizkion zilindroari, eta 18 kubikoari; Sanchezek 29 eta 19 jasoaldi egin zituen; eta Esnaolak, berriz, 27 eta 17 altxaldi lortu zituen.

Sailkapena

Udane Ostolaza 2.500 kilo, 50 altxaldi

Aroa Sanchez 2.400 kilo, 48 altxaldi

Olaia Esnaola 2.200 kilo, 44 altxaldi

Zazpi urterekin hasi zen Ostolaza harria jasotzen, 13 urterekin 68 kiloko errektangularra, eta 14 urterekin 63 kiloko kubikoa eta 50 kiloko bola jaso zituelarik. Marka horiek, ordea, ez ziren ofizialak. 2020an 15 urte betetzen zituenez, federazioko lizentzia eskuratu zuen eta bere lehenengo marka ofiziala urte horretan erdietsi zuen, 14 urterekin 75kg-ko harria ofizialki jasotzen zuen lehen emakumea izan zelarik.

Plazaz plaza dabiltza uda honetan harri-jasotzaile gazteak, emakumeek kirol honetan hartu duten indarra azpimarratzekoa delarik, egunetik egunera gehiago direlarik harri-jasotze lanetara animatzen direnak. Lehen herri kiroletara gerturatzen zirenak baserri girokoak izaten ziren baina orain, ordea, indarra lantzea gustatzen zaion kirolari asko hurbildu da, zaletasuna zabaldu denaren islada.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!