Unai Iantzik errekor berria ezarri du Euskal Herriko Lokotx Biltze Txapelketan

2023.02.23 | EHKM, Errekorrak, Errrekor berria, Herri kirolak

Kirolari nafarrak bost minutu eta 50 segundoan saskiratu zituen 50 lokotxak, marka berria ezarriz

Argazkia: egursport.com

Emakumezkoen eta gizonezkoen Euskal Herriko lokotx-biltze txapelketak jokatu zituzten pasa den igandean, Mungian, goizeko 11:30ean hasita, herriko Jose Antonio Agirre kiroldegian.

Emakumeen txapelketan, joan den urtean Nafarroako txapeldun izan zen Ainhoa Etxegarai beratarra aritu zen, Ainhoa Iraizoz Nafarroako txapeldun ordearekin, Amaia Mendinuetarekin eta Amaia Jimenez de Bikuñarekin batera. Gizonezkoen artean, berriz, Nafarroako txapeldun eta txapeldunorde izan ziren Anizko Unai Iantzi eta Berroetako Asier Gamiorekin batera, Unai Ardeo, Ibai Sanz, Aritz Iturribarria, Jon Vegas, Jon Larrañaga eta Iraitz Ferreira aritu ziren. Bietan berrogeita hamarna lokotx bildu behar zituzten.

Gizonezkoen lehian, Unai Iantzi aniztarrak bost minutu eta 50 segundoan saskiratu zituen 50 lokotxak, errekor berria ezarriz. Jon Vegas arabarra sailkatu zen bigarren (6.40) eta Jon Larrañaga mendaroarrak egin zuen hirugarren (6.42).

Emakumezkoetan berriz, Ainhoa Etxegarai beratarrak txapela etxeratu zuen, lanak 7 minutu eta zazpi segundotan bukatuta,  hamaika segundoko aldea atera ziolarik bigarren gelditu zen Ainhoa Iraizozi (07:18). Amaia Jimenezek (07.47) osatu zuen podiuma.

SAILKAPENAK

Gizonezkoak

Unai Iantzi: 5.50

Jon Vegas: 6.40

Jon Larrañaga: 6.42

Aritz Iturribarria: 6.50

Asier Gamio: 6.53

Iraitz Ferreira: 6.58

Unai Ardeo: 7.44

Emakumezkoak

Ainhoa Etxegarai : 07.07

Ainhoa Iraizoz: 07:18

Amaia Jimenez: 07.47

Amaia Mendinueta: 09.18

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!