Argazkia: S.C. Duranguesa
2010ean Durangaldeko Txirrindulari Elkarteak Urkiolako Igoera bertan behera utzi behar izan zuen babesleen murrizketa eta berriak aurkitzeko ezintasuna zirela eta, aurrekontua betetzeko aukerarik ez zegoela ikusita. Txirrindularitza egutegiaren proba klasikoak ez zuen krisi ekonomikoaren ondorioak saihestea lortu, are gutxiago antolatzen duena irabazi-asmorik gabeko kirol-elkartea izanda, txirrindularitza sustatzen eta garatzen duena.
Guztira, Urkiolako Igoerak 35 edizio izan zituen, bederatzi eskalada huts gisa eta 26 (1984tik) lineako lasterketa formatuan. Proba 1931n egin zen lehen aldiz, Ricardo Monteroren garaipenarekin, eta 1936ra arte ez zen itzuli; hala ere, lehen urte haietan kronoigoera bat izan zen, eta formatu hori mantendu egin zen 60ko hamarkadan proba egutegira itzultzean lehiatu ziren edizioetan.
Aurreneko edizio horri, Bilboko Txirrindulari Elkarteak ‘Trepatzaile Onenaren Kriteriuma’ izena jarri zion eta ikusmin haundia sortu zuen. Irteerako lerroan Vicente Trueba, Federico Ezquerra, Ricardo Montero, Dermit, Cepeda eta abar elkartu ziren. Monterok irabazi zuen, 21 minutu eta segundo 1 behar izan zituelarik 6.285 metroak betetzeko. Vicente Trueba 16 segundora iritsi zen, eta Ezquerra, 52ra.
Lehen irabazlea Avilako herri batekoa zen. Bere familia Ordiziara joan zen txikitan eta han txirrindulari egin zen. Montero laugarren izan zen 1932ko Munduko Txapelketan, Alfredo Bindari irabaziz. Eta erretiroa hartzean bizikleta denda bat jarri zuen Gipuzkoako udalerrian.
Publikoa bide bazterrera itzuli zen bigarren edizioan, 1936koan, Durangaldeko Txirrindularitza Elkartearen gidaritzapean. Parte hartzaileen kopurua 20tik 36ra igo zen eta honakoan Claudio Leturiaga izan zen irabazlea. Leturiagaren ibilbidea, gainontzekoena bezala, Gerra Zibilak geldiarazi zuen. 1945ean hil zen Frantzian, moto istripu batean.
Altxamendu faxistak Urkiolako Igoeraren garapena ere eten zuen, 1961era arte berpiztu ez zena. 1961ekoa Urkiola Igoeraren III. ekitaldia izan zen. Gerra zibilaren hasieratik egin gabe egon zen lasterketa. Maiatzaren 21ean ospatu zen lasterketa eta lehenengoz amateurrentzat lasterketa ere egin zen. Irabazleak, KAS taldeko Antonio Karmany-k, igoeraren errekorra ezarri zuen, 17minutu eta 47 segundoko denboran helmugaratuta  eta ‘Vinos Ubide’ enpresak mahai gainean jarritako 1.500 pezetako saria eskuratu zuen. Atzetik, Juan Jose Sagarduy (Espumosos Gorbea) eta Jesus Loroño (Majestad), bigarren eta hirugarren sailkatu ziren, hurrenez hurren.
Antonio Karmany Mestres (Sant Joan, Mallorka, 1934ko urtarrilaren 21) igotzaile trebea izan zen, bere ibilbide osoan 51 garaipen lortu zituena. 2006an, Iban Mayok, beste garai batzuetan, beste material batzuekin eta hobeto asfaltatutako bihurguneekin, errekorra 16 minutu eta 10 segundora jaitsi zuen.
Geroago, geldiune berri bat egon zen, 1984an amaitu zena. Urte horretan hasi zen lehiatzen, lineako lasterketaren formatuan (Vicente Beldak irabazi zuen), eta 2009ra arte iritsi ziren hainbat ediziotako lehena izan zen.
Leonardo Piepoli italiarrak du garaipenen errekorra lau edizoetan nagusitu ondoren (95, 99, 2003 eta 2004), azken irabazlea Igor Anton (Euskaltel Euskadi) izan zelarik 2009an. Besteak beste, Marino Lejarreta eta Andy Hampsten (bi aldiz jarraian), Perico Delgado, Chaba Jimenez (bi aldiz), Rominger, Chicagrberg, Julio Jimenez, Hampsten, Chiapucci eta Romcci izan ziren proba entzutetsu honetan garaipena lortu zuten txirrindulariak.
0 Comments