Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren 22. edizioa aurkeztu berri dute

2023.01.16 | EHKM, Errekorrak, Mendi lasterketak

Bi urtez bertan behera geratu ondoren, munduko mendi maratoirik esanguratsuena 2022an itzuli zen errekor edizio batekin: Kilian Jornetek eta Nienke Brinkmanek lortu zuten garaipena 2017ko errekorrak hautsiz, 3h36.40 eta 4h16.43 denborarekin, hurrenez hurren

Argazkiak: zegama-aizkorri.com

 

Pasa den ostiralean, Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren 22. edizioko aurkezpena burutu zuten Gipuzkoako Foru Aldundian, Turismo zuzendariak, Zegamako alkateak eta Zegama-Aizkorri maratoiko antolatzaileek.

Aurtengo edizioa maiatzaren 14an lehiatuko da, igandean, eta proban izena emateko epea datorren astelehenean irekiko da, urtarrilaren 16an, 12:00etan, rockthesport.com plataforman, eta urtarrilaren 26an itxiko da.

Urtero maratoiak aurreinskripzioen errekorra hausten du, eta iazko edizioan antolatzaileek 12.500 eskaera baino gehiago izan zituzten. Lasterketa, baina, 500 partaidera mugatuta dago, eta horietatik 225 zozkatzen dira. Beste 125 dortsal ere gordetzen dira aurreko bi edizioetan denborarik onenak egin dituztenentzat; 25, emakumeentzat eta 100, gizonentzat. Dortsalen zozketa otsailaren 24an izango da.

Zegama-Aizkorri mendi maratoiaz gain, egun horretan ere 16 eta 18 urte bitarteko gazteek aukera izango dute Zegama-Aizkorri Junior Traileko 12. edizioan lehiatzeko. Horrez gain, maiatzaren 12an Zegama-Aizkorri kilometro bertikaleko 9. edizioa egingo da, eta 16:00etan emango zaio irteera lehendabizikoari. Azken bi lasterketa horietan izena emateko epea urtarrilaren 30ean irekiko da, 12:00etan. Kilometro bertikalaren inskripzioa otsailaren 9an itxiko da. Juniorrenak, aldiz, ez du itxiera datarik izango, 100 dortsal zozkatzen direlako, eta kopuru horretara ailegatzean automatikoki ixten delako inskripzioa.

Ibilbideari dagokionez, ez da ezer aldatuko, eta ohiko moduan egingo da. Bestalde, emakumezkoen parte-hartzea bultzatzeko asmoz, zozkatzen diren 125 dortsalen artean, 25 emakumeentzat izango dira, nahiz eta izena emateko eskaeretan emakumeak %16a izan.

Bi urtez bertan behera geratu ondoren, munduko mendi maratoirik esanguratsuena 2022an itzuli zen errekor edizio batekin: Kilian Jornetek eta Nienke Brinkmanek lortu zuten garaipena 2017ko errekorrak hautsiz, 3h36.40 eta 4h16.43 denborarekin, hurrenez hurren. Eta audientzia-errekorra ere izan zen: Maratoiaren lehen emanaldi osoa zen hartan, Youtubeko historian bistaratze gehien izan zituen gaztelaniazko trail lasterketa bihurtu zen. Mendi maratoia lau hizkuntzatan jarraitu ahal izan zen zuzenean Teledeporte, Euskal Irrati Telebista (EITB), TV3-Esports3 eta ingelesez eskaini zuen Golden Trail World Series bere Youtubeko katearen bidez.

Kilian Jornet kataluniarrak aurreikuspenak bete eta aise gailendu zen Zegama-Aizkorri lasterketan, Magrini italiarra eta Merillas espainiarraren aurretik.  Jornetek, gainera, probako markarik onena ia 9 minututan hobetu zuen. Emakumezkoetan, Nienke Brinkman herbeheretarra nagusitu zen, eta honek ere historiako markarik onena egin zuen.

Baldintzak lagun, gizonezkoen lehian Jornetek aise hobetu zuen Stian Angermund norvegiarrak 2017an egindako denbora: 3 ordu, 45 minutu eta 8 segundo. Sabadellekoak hamargarren garaipena lortu zuen, lasterketa 3:36:41eko denborarekin amaituz.

Zortzi minututan baino gehiagotan jaitsi zuen errekorra beraz (8 minutu eta 27 segundotan hain zuzen ere) eta 10 minututan baino gehiagotan ondu zuen bere markarik onena lasterketa honetan. Izan ere, Kilian Jornetek 2014an lortu zuen lasterketako errekorra (3:48: 38) baina hiru urte geroago, Stian Angermund-ek kendu zion (3:45:08). Bigarren helmugaratutako David Magninik ere 2017ko Stian Angermunden errekorra hautsi zuen.

Emakumezkoen lehian berriz, Nienke Brinkman herbeheretarra bere aurkariak baino askoz gehiago izan zen. Brinkman 4:16:45eko denborarekin helmugaratu zen, atzetik  Maude Mathys suitzarrak eskuratu zuelarik bigarren postua. Sara Alonso, 23 urteko donostiarrrak, lasterketa bikaina egin zuen eta hirugarren izan zen bere debutean.

Nienke Brinkmanek 2017an Maite Maiorak 2017an ezarritako marka (4:34:27) ia 18 minututan hautsi zuen, 17 minutu eta 42 segundotan ondu zuelarik. Podiuma osatu zutenek ere Maioraren marka hautsi zuten, suitzarrak zortzi baino gehiagotan egin zuen eta Sara Alonsok ere Maioraren marka ondu zuen  -Maude Mathys lasterketa amaieran harrapatzear egon zen-.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!