Argazkia: Ziortza Villa Ultracycling
Ziortza Villa (Durango, Bizkaia, 1983) erreferente bat da emakumezkoen txirrindularitzan, dedikazio eta ahalegin handia eskatzen duen modalitate batean, ultramaratoi espezialitatean, XXI. mendearen hasieran arreta gutxi eskaintzen zitzaiona.
Txirrindulari bizkaitarrak lorpen handiak ditu bere palmaresean: 24 orduko Europako txapelduna izan zen, lau aldiz 24 orduko Estatuko txapelduna eta hiru aldiz 12 orduko Europako txapelduna. Halaber, lau alditan izan da Munduko Txapelketan. Seigarren izan zen 2017an, laugarren 2018 eta 2019an, eta bosgarren 2022an.
Villak betidanik izan du txirrindularitzarekiko zaletasuna, baina, denboraren poderioz, iraupen luzeko probetan hobeto aritzen zela konturatu zen. Eta ez zuen hutsik egin ultramaratoia aukeratu zuenean, izan ere, lasterketetan, zenbat eta distantzia handiagoa osatu behar, orduan eta hobeto moldatzen da.
Villak lehiaketako egutegi finko baten baitan aritzen da normalean, 12 eta 24 orduko probetan, baina ez ditu bestelako erronkak baztertzen. Esaterako, 2018an, Donejakue bideko emakumeen errekorra gainditu zuen, eta aurten, Julian Sanz txirrindulariarekin batera, Frantziako Tourreko garaikurra Paristik Bilbora eraman zuen.
Orduko hartan, Ziortza Villak 34 ordu eta 20 minutuan Donejakue Bideko lehen NON Stop emakumezkoen erregistroa lortu zuen, World Ultracycling Association WMCAk bermatutako emakumezkoen lehen errekorra ezarriz.
Helburua ibilbidea ahalik eta denborarik onenean egitea zen, Orreaga eta Santiago de Compostela lotzen dituen 755 kilometroko ibilbidean emakumezkoen lehen erregistroa ezartzeko eta durangarrak ez zuen hutsik egin.
Pasa den uztailean berriz, Julian Sanzekin batera Parisetik Euskal Herrira ekarri zuten bizikletaz Drand Départ Pays Basque 2023 ekimenaren garaikurra. Bi ultrafondistek ederki osatu zuten sekula ikusi ez den dimentsio eta konplexutasun haundiko kirol erronka hau, Paris eta Bilbo lotzen dituen ia 1.000 kilometroak 48 ordu baino gutxiagoan eginda
0 Comments