Jone Zabaletak errekorra ezarri du Irungo Krosean

2023.12.18 | EHKM, Emakumeak, Errekorrak, Errrekor berria, Lasterketak

Korrikalari azkoitiarrak aurrenekoz irabazi du proba, Sara Villasantek iaz ezarritako errekorra bi segundoan hobetuz

Argazkia: Bidasoako Atletismo Taldea

 

Urtero legez, Irunen Gabonetako Krosak egin zien ongietorria neguko ospakizunei, Bidasoa Atletiko Taldeak (BAT) antolatua, aurtengoa bederatzigarren edizioa izan delarik. Pasa den larunbatean lehiatu zen lasterketa nagusia 16:45etatik aurrera. Lasterkariak Kolon pasealekutik abiatu ziren, eta ohiko bost kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuten, Luis Marianon zegoen helmuga zeharkatu arte.

Guztira 526 korrikalari sailkatu ziren, 316 gizonezko eta 210 emakume, eta azken hauen lehian Jone Zabaleta korrikalari azkoitiarra nagusitu zen aurrenekoz, 17.02 denbora eginda. Iaz gezala, Betty Urruty sailkatu zen bigarren (17.14) eta Ane Zabala hirugarren (17.45). Gainera, lasterketa horretan emakumeek inoiz egindako denbora onena ezarri zuen azkoitiarrak, Sara Villasantek iaz egindako denbora bi segundoan hobetu zuelarik, hain zuzen ere.

Aste honetan bertan itzuli da Zabaleta AEBetatik, baina ez esku hutsik; izan ere, Miamin hamar kilometroko lasterketa bat irabazi zuen orain dela aste batzuk. Euskal Herrira itzuli eta”proba” egitea nahi izan zuen azkoitiarrak, eta ezin hobeto aritu zen Irunen. Hurrengo lasterketa abenduaren 22an, ostiralez, izango du Zabaletak; hain justu, 3.000 metroko proba jokatuko du Donostiako estalitako pistan.

SAILKAPENA

1 Jone Zabaleta  0:17:02  Azkoitia
2 Betty Urruty  0:17:14  Baiona
3 Ane Zabala  0:17:45  Irun
4 Olatz Zabala  0:19:03  Irun
5 Carmen Martin  0:19:24  Donostia
6 Carmen Klinger  0:20:13  Pasaia
7 Intza Mendez  0:20:17  Bidasoa
8 Miriam Males  0:20:23  Lezo
9 Ana Gonzalez  0:20:25  Errenteria
10 Paula Crespo  0:20:38  Irun

Gizonezkoei dagokionez, Unai Arroyo tolosarrak errebantxa hartu zuen honakoan azkenengo bi urtetan bigarren izan ondoren, eta 15:01ko denborarekin garaipena eskuratu zuen. Bi segundo beranduago iazko irabazle eta probaren errekorra (14:47, 2022) duen Pierre Urruty baionarra helmugaratu zen,  15:03ko marka eginda.  Joseba Olaetxeak, tolosarra ere, osatu zuen podiuma, atzetik Joseba Larzabal, Aimar Murua, Asier Fernandez Murillo eta Jokin Bellido sailkatu zirelarik.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!