Argazkia: aizkolaritxapelketanagusia.eus
Nerea Arrutik Sherpa.ai Aizkolari txapelketa irabazi du bigarren urtez jarraian. Nagusitasunez gailendu zaio arerioei, Karmele Gisasola ‘Zelai III.a’ eta Malen Barrenetxeari, hurrenez hurren, eta txapelketako errekorra ere ezarri du, bere iazko denbora ia hiru minutuan hobetuta.
Urnietarrak urte biribila itxi du, urrian Euskal Herriko aizkolari txapelketa eta udan Binakako pentatloia irabazi ostean. Iaz, Banakakoan ere aise gailendu zen.
Eta lehiatu berri den Sherpa.ai Aizkolari txapelketa nagusian pronostikoak bete ditu ere Arrutik, hasi eta buka nagusi izan baita. Lehen enborretik hasi da arerioekiko abantaila hartzen eta probaren erdian minutu eta erdiko aldea zuen dagoeneko. Azkenean, 9 minutu eta 25 segundoan bukatu ditu egin beharreko lanak. Bi minutu pasatxora, 11:29 denborarekin, bukatu ditu lanak Karmele Gisasola ‘Zelai III.ak’, emakumezkoen lehen edizioko aurreneko txapeldunak, duela bi urte. Hirugarren izan da Malen Barrenetxea gaztea, 18:11ko denborarekin.
Gizonezkoetan, bestalde, txapeldun berria egon da, Mikel Larrañaga azpeitiarrak hartu baitu Julen Alberdi ‘Txikia IV.aren’ lekukoa. Hain zuzen ere, azpeitiar eta azkoitiarraren arteko lehia estua bizi izan da lehen enborretan baina azkenean Larrañagak 39 minutu eta 25 segundo behar izan ditu betebeharrak egiteko eta ‘Txikia IV.ak’ ordea, minutu bat eta 55 segundo gehiago (41:19).
Marka honekin txapelketako bigarren denborarik onena ezarri du Larrañagak, izan ere, Iker Vicentek, lehen edizioan, erregistratutako 38:48 denbora da Sherpa.ai Aizkolari txapelketa nagusiko marka onena.
Emakumezkoen sailkapena
- Nerea Arruti: 9:25 minutu
- Karmele Gisasola ‘Zelai III.a’: 11:29 minutu
- Malen Barrenetxea: 18:11 minutu
Gizonezkoen sailkapena
- Mikel Larrañaga: 39:25 minutu
- Julen Alberdi ‘Txikia IV.a’: 41:19 minutu
- Eneko Otaño: 42:57 minutu
- Ugaitz Mugertza: 47:28 minutu
- Ibai Soroa: 49:15 minutu
- Julen Larrea ‘Larrea III.a’: 49:53 minutu
0 Comments